Andoni Ortuzar EAJko hautagaiak adierazi du "normaltasuna" nagusitu dela bozetan, eta alderdi guztiak aurkeztu ahal izan direla. Hala ere, parte hartze datua handiagoa izatea nahiago lukeela gaineratu du.
"Argi dago Euskadi anitza eta abertzalea dela", esan du Ortuzarrek. Nolanahi ere, "emaitzak ezagutu gabe", EAJren apustua "akordioa" dela erantsi du.
Iñaki Oiarzabal PPko hautagaiak ere egunaren "normaltasuna" nabarmendu du, baina aipatu du salbuespenak ere izan direla —Patxi Lopez PSE-EEko hautagaia bozkatzera joan deneko unea gogorarazi du—. "Inkestak inkestak baino ez dira, nazionalistentzat onuragarriak izan ohi dira, eta ziur nago aurreikuspenak gainditu egingo ditugula", esan du.
EH Bilduren izenean, Maribi Ugarteburu hautagaiak hartu du hitza. "Uste dugu zer ospatu izango dugula, sentsazio oso onekin gaude. Oso argi daukagu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek aldaketaren alde emango dutela boza; Aldaketa beste modu batera egitearen alde, eta aldaketa bake prozesua portu oneraino eramatearen alde", adierazi du.
Lehen datu errealak eskuan, EH Bilduren emaitzen balorazioa Dani Maeztuk egin du. Datuak "oso onak" direla esan du.
Isabel Zelaak hitz egin du PSE-EEren izenean. ”Demokrazia nabarmendu nahi nuke”, esan du Zelaak: ”Gobernua gogoz egin du lan askatasunaren alde, eta hori nabaritu egin da. ETArik gabeko lehen hauteskundeak dira”. Parte hartzearen jaitsierarekin kezkatuta agertu da: ”Populismo askoko unea da, eta populismoa oso arriskutsua da”.