Mertxe Urtuzaga, Angel Otaegiren lehengusua

"Egundoko babesa izan zuen izebak, eta on egin zion horrek"

2015eko irailaren 25a
11:08
Entzun

Hamabi urteren bueltan zituen Mertxe Urtuzagak (Nuarbe, Azpeitia, 1963) lehengusua fusilatu zutenean, baina gogoan ditu ordukoak. Hura jaio zen etxearen ondoan bizi da oraindik, errekaren beste aldean. «Hemen jaio zen Angel Otaegi, euskal gudaria», dio Artabera etxearen aurrealdeko egurrezko plakak. Fusilamendutik 40 urtera, hura oroitzeko ekitaldien berri ematen duten kartelek bete dute auzoa.

[Berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2395/[/Berriatb]

Nola gogoratzen duzu Angel?

Gogoratzen dut nola etortzen zen gure etxera, eguna Azpeitian lanean pasatu ondoren. Haren ama gurean egoten zen, alarguna baitzen eta seme bakarra baitzuen.

Zertan ibiltzen zen lanean?

Grumalen egiten zuen, fabrika batean. Handik irtendakoan, soziedadean afaltzen zuen lagunekin, Azpeitian, hango sozio baitzen. Afaldu, eta garaiz etortzen zen amaren bila. Bizimodu normala egiten zuen.

1974ko azaroan joan zen Guardia Zibila Otaegi atxilotzera. Nola hartu zenuten familian?

Ezustea izan zen; inork ez zekien ezer. Bat-batean, etxera etorri, eta atxilotuta eraman zuten, eta amak ere ez zekien zergatik. Gu ere ezustean harrapatu gintuen.

Gero, Martuteneko kartzelara.

Han maiatzera arte egon zen, eta gero Burgosera eraman zuten. Han eduki zuten hil zuten arte.

Azarotik maiatzera badira hilabete batzuk. Nola pasatu zenituzten?

Astegunetan ama, izeba eta lehengusuak joaten ziren bisitan. Guk asteburuak aprobetxatzen genituen. Burgosera eraman zutenean, gutxiago joaten ginen; urrunago zegoen, bisitak ere gutxiago zituen. Haren ama eta nirea joaten ziren astero, txandaka.

Hasieran, ez zuen esperoko heriotza zigorrik, ezta?

Ez, eta gero ere... Berak Bandres hartu zuen abokatu. Denbora pasatuta, pentsatzen zuen Garmendiak [Jose Antonio, Otaegirekin batera hiltzera kondenatua] arrisku gehiago zeukala hiltzeko, eta [Juan Maria] Bandresek proposatu zion abokatuz aldatzeko, ezin zituelako biak defendatu. Onartu egin zion Angelek, eta [Pedro] Ruiz Balerdi jarri zen haren ordez.

Heriotza zigorra jarri ziotenean, uste dut berak ere bazuela beldur pixka bat. Harekin kartzelan egon zirenek esaten zuten, epaiketaren ondoren, berak ere pentsatzen zuela hil egingo zutela.

Etxean ere gogorra izango zen.

Bai, heriotza zigorra eman, eta epaiketak izan ziren bezala gainera... Epaiketaren ondoren, bisitak ere kendu zizkioten; haren amari bakarrik uzten zioten joaten. Beste seniderik ez zuenez, ama joaten zen. Azken bisita 24an izan zuen. Gogorra izan zen azken zatia.

Epaiketan, ez zizueten sartzen utzi. Nola izan zen hori?

Nire ama joan zen, lehengusu batzuekin. Haren amak gaizki pasatzen zuen, eta ez zuen nahi izaten. Nire amak kontatzen du gela batean eduki zituztela, Garmendiaren arreba batekin. Baietz esan zieten, sartzen utziko zietela, baina arratsalde osoa pasatu eta gero esan zieten bukatu zela epaiketa.

Harekin egoten ez zieten utzi?

Ez zuten ikusi ere egin. Furgonetan bakarrik, pasaeran, baina berarekin egoten ez zieten utzi. Oso tratu kaxkarra eman ziguten; bai epaiketan, bai hil behar zutenean.

Azken eguna ere ez zen xamurra izango.

Ez... 26 gauean, Azpeitiko sarjentua etorri zen. Angelen ama gure etxean zegoen, eta gure aitaren bila joan ziren: amari esan behar ziola kaperan zegoela, eta ikusi nahi bazuen, joateko. Baina amak bakarrik. Gaizki jarri zen, eta lasaigarri batzuk hartuta, Burgosera abiatu ziren. Jende dezentek lagundu zion: nire amak eta aitak, lehengusuek... Iristean, soldaduak omen zeuden han. Izebak ezin zuen pausorik eman, eta bi soldaduren artean sartu behar izan zuten, arrastaka. Miatu ere egin zuten. Kapitain bat etorri zitzaion, txulo bat, esaten zuen hark, eta galdetu zion: «Semea hiltzen dutenean, Nuarbera eraman nahi duzu?». «Bai. Nahi ez dudana da Burgosen uztea». Gorpua etortzerako 50.000 pezeta prest edukitzeko esan zion, eta iskanbilarik ez sortzeko, edo beraiek eramango zutela eta ez zuela jakingo non lurperatu zuten.

Gero, Angel zegoen gela batera pasatu zuten; sei edo zazpi militarrekin zegoen. Elkarri heldu, eta esan zion, erdaraz —euskaraz egiten ez baitzioten utzi—, berak ez zuela inor hil, eta lasai egoteko, berak Euskal Herriagatik eta euskaldunengatik emango zuela odola. Eta... [Geratu egin da negarrari eusteko]. Eta gero, esan ziola elizara ez eramateko. [Isilik, beste tarte batean]. Hileta zibila nahi zuela, eliza frankista horretan sartzerik ez zuela nahi.

Kartzela kanpoaldean itxaron zuten gainerakoek?

Nuarbera itzuli zen izeba, eta han nire ama geratu zen. Harentzat, bigarren ama zen izeba. Han geratu ziren nire ama, aita... Kartzelatik kanpora bidaltzen zituzten, eta ondoko herri txiki batean egon ziren. Noizbehinka joan eta galdetu egiten zuten. Gaua horrela pasatu zuten, joan-etorrian. Halako batean, 08:30 aldera, esan zieten hil zutela. Ikusten uzteko eskatu zuten, baina ezer ez.

Gorpua Nuarbera ekartzeko prozesua nolakoa izan zen?

Ehorzketa etxe batera joateko esan zieten, hilkutxa bat hartzera. Joan, eta bueltan esan zieten ordurako enkargatua zeukatela bat. Hara eta hona ibili zituzten denbora guztian, burla batean. Ehorzketa etxekoekin joan nahi al zuen galdetu zioten nire amari, eta hark baietz. Ordua iristean, ezetz. Azkenean, auto askoren artean ekarri zuten: guardia zibil pila bat, ehorzketa etxekoak, beste guardia zibil pila bat, eta gure ama-eta atzetik. Abiatu eta berehala, semaforo gorri batean, aurrera alde egin zieten. Azkar etorri ziren atzetik, baina ez zituzten harrapatu. 18:00ak aldera iritsi ziren hona, baina gorpurik ez.

Gauean iritsi ziren.

22:00etan, inork ez ikustearren. Kontrolak jarri zituzten, inori ez zioten uzten pasatzen; hala ere, jende pila bat etorri zen, mendiz. Gu 15:00etarako hilerrian geunden. Dena poliziaz josita zegoen. Sei bat lagun egon ginen han. Gorpua ekartzean, kristala puskatu eta begiratu zuen gure aitak, baina odola ikusten zen; ilunpean, ez zegoen bera ikusteko modurik.

Hurrengo egunak ere mugituak izango ziren...

Jende mordo bat ibili zen. Halako batean, hil zutela esanez deitu zuen gure amak. Ordurako jendea etortzen hasita zegoen. Ondorena ere hala izan zen: jendea etorri eta etorri. Euskal Herri osotik, egun askotan. Hasierako egunetan, etengabea izan zen. Alde horretatik, egundoko babesa izan zuen izebak, eta on egin zion horrek. Berak hori esaten zuen, seme bat galdu, berea, baina pila bat irabazi zituela. Atzerritik ere asko etorri ziren, kazetariak eta.

40 urte pasatu dira ordutik. Nola sentitu zarete urteotan?

Azpeitiko ezker abertzaleak urtero egin dio omenaldia. Bestela, nahiko baztertuta sentitu gara, orain gutxi biktima bezala onartu duten arte. Herriko jendea bai. Urtero gogoratu izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.