GIZARTEA

Eguneko zentroen gatazkan enpresei mehatxu egitea egotzi dio Adegik Ander Rodriguezi

Gipuzkoako patronalak idatzi bat igorri dio EAEko fiskal nagusiari, hark erabaki dezan ikerketa bat abiatu behar duen. Martin Garitanok "erabateko zentzugabekeriatzat" jo du Adegiren idatzia.

2013ko uztailaren 22a
18:27
Entzun

Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteak idatzi bat igorri zion joan den asteartean, hilak 16, Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiari. Lurraldeko egoitza eta eguneko zentroak kudeatzen dituzten enpresei mehatxu egin izana leporatzen dio patronalak Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuari. Adegik berak BERRIAri baieztatu dio idatzi hori fiskal nagusiari bidali izana.

Fiskaltzak erabakiko du orain idatzi hori aztertu eta ikerketa bat abiaraztea, deliturik egon den ala ez argitzeko. Adegik jakinarazi duenez, ustezko mehatxu horiek egoitza eta eguneko zentroen hitzarmen kolektiboak eztabadiatzeko egindako batzarretan gertatu ziren.

Diputazioak lurraldeko hitzarmenerako negoziazioetan parte hartu zuen, eta 8 milioi eurotik gora eskaini zituen langileen soldata igoerak finantzatzeko. 

Joan den martxoan diputazioaren aurkako auzi eskea aurkeztu zuen Adegik administrazioarekiko auzietako epaitegian. Diputazioak Preco-ri (lan gatazkak konpontzeko prozedura) hitzarmen proposamen bat aurkeztea izan zen zioa. Izan ere, patronalaren ustez, ekintza horrek negoziazio eskubidea "urratu" zion.  

Era berean, aurreko astelehenean, hilak 15, Adegirekin zituen harremanak hautsi zituela iragarri zuen diputazioak, hitzarmen kolektiboen gainean izan zuen jarreragatik.

Ikerketa eskaria "erabateko zentzugabekeria" dela uste du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak. Horrez gain, erakunde horrekin harremanak eten zituen iragan astean Gipuzkoako Diputazioak, eta Garitanok adierazi du Adegi ez dela "patronal guztia, zati bat baizik": "Ezaguna da lan erreformaren aurkako gure jarrera, baita arrazoirik gabeko onurak jasotzen dituzten enpresariekin dugun jarrera kritikoa ere". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.