Berdintasunerako bidean, eguneroko jarrerak aldatzearen garrantzia nabarmendu du gaur Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak. "Beharrezkoa da jendearen usteetan eta gizartearen ordena sinbolikoan eragitea, aldaketak lortzeko". Helburu horrekin, hain zuzen ere, kanpaina berri bat jarri du abian erakundeak, 'Eman pausoa. Berdintasunak aurrera eginarazten digu' lelopean.
Gaurtik aurrera, beraz, berdintasunaren aldeko mezuak entzun eta ikusi ahalko dira EITBko telebista eta irrati kateetan.
Lehen fasean bi gai nagusi jorratuko ditu egitasmoak: zaintzen balorazio eta banaketa, batetik; eta gazteen gaineko kontrola teknologia berrien bitartez, bestetik.