Ainhoa Mendizabal. Desazkunde sareko kidea

«Egungo hiria ez da iraunkorra, baina alda dezakegu»

Auzo barruko komunitate harremanak sustatu, eta 'hiri ekoizlea' errazten duten ekinbideak azaldu dituzte Gasteizen

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
«Behar dugunarekin bizitzearen duintasuna aldarrikatzen du desazkundeak; nahikoa nahikoa dela, alegia». Hitz horiekin laburbildu du Ainhoa Mendizabalek (Portugalete, Bizkaia, 1979) desazkundearen muina. Mundua mugatua da, eta muga hori gainditzen jardutearen kezkak behartuta hasi zen mugimendu hori. Gaur egun, hamaika ekinbide daude horrekin lotuta, eta atzotik Espainian, Katalunian, Euskal Herrian eta beste txoko askotan desazkundeari lotuta sortutako egitasmoen ordezkariak Gasteizen daude bilduta,Desazkunde eta Trantsizio Hirien Topaketetan; bihar arte egongo dira. Bigarren aldia dute.Atzo hasi zituzten topaketak, eta gaur,hitzaldia egingo duteBibat museoan, 10:00etan; nahi duen guztia joan ahal da.

Trantsizio hirien topaketak dira hauek. Zer dira trantsizio hiriak?

Trantsizioak gauzak beste modu batera egiteko nahia eta ekimena islatzen ditu. Ez gaude ados ezartzen diguten sistemarekin; ez dugu gustuko. Gure ustez, sistema honetan pertsona ez da ondo garatzen, eta ekinbide txikiak daude jendeak protagonismoa berreskura dezan.Hori da trantsizioa, beste eredu horretarako bidea.

Hiria eta desazkundea ez al dira kontrajarritako ideiak? Hiriak ez al dira nahi duzuen ereduaren ondorio?

Hiria eskala handiko asmakizun bat da, baina hiriaren barruan auzoak daude, eta auzoak komunitateak dira. Ez gaude hiriaren ideiaren aurka, baizik eta kontsumitzailea den hiriaren aurka; kanpotik etortzen denarekin elikatzen den hiriaren aurka. Hiria iraunkorra izan daiteke, ekologikoa. Hiria ekoizlea izan daiteke, komunitateak ekoizleak izan daitezkeelako. Egungo hiria ez da iraunkorra, baina alda dezakegu ekintza txikien bidez.

Trantsizio horretan zer ardatz ditu desazkundeak?

Ekologia, kontsumoa, hezkuntza... Elikaduraren subiranotasuna ere ardatz nagusienetako bat da, baita komunitate harremanak sustatzea ere. Gauzak egiteko motorra ez du zertan diruakizan. Denok gara gai zerbait emateko, zerbait egiteko.

Zer ekintza ari zarete egiten Gasteizko Alde Zaharrean, adibidez.

Gasteiz Trantsizioan taldeak interes arloak zehaztu, eta elikaduraren eta hezkuntzaren alorrean lan, egin du batez ere. Bilbon, feminismoaren talde bat dago, baita trantsizioan dagoen eskola bat ere.Eskola horietara eramaten ditugu iraunkortasunaren ardatzak. Etxebizitzaren gaia ere lantzen ari dira Bilbon... Euskal Herrian egitasmo asko daude.

Etxebizitza?

Etxe batean bizitzeko aukera bakarra ez da erostea edo alokatzea. Bilbon etxebizitza kooperatiba bat dago horretan lanean. Etxea komunitatearena da, baina zuk erabiltzeko eskubidea duzu, eta denen artean kudeatzen dira gauzak.

Eta Euskal Herrira ekar daitekeen egitasmorik badago kanpoan?

Herrialde Katalanetan kooperatiba integralaren kontzeptua oso garatuta dago, eta orain Gasteizera ekartzen saiatzen ari gara. Komunitate horietan hezkuntza, zerbitzuak eta bestelako alorrak sartuta daude. Aurtengo topaketetara Madrilgo eta beste leku askotakohainbat egitasmo interesgarri ezagutzen ari gara.

Aurtengo topaketen helburuen artean elkarteren eta eragileen artean sareak sortzea dago.

Dauden esperientzietatik asko ikas daiteke. Komunitate bakoitzak bere egitasmoak lantzen ditu, eta horiek partekatzeko informazio sarea oso baliagarria da. Ideia aparta bat badut, besteei jakinarazten lagunduko dit sare horrek. Horretaz gain, noizbait ekinbide bateratu bat egin beharko balitz, sare horrek asko lagunduko luke.

Zein puntutaraino da desazkundea beste talde batzuekin zeharka landu beharreko gaia? Adibidez, energia garapenaren alorrean frackingegitasmoen gaiarekin batera lantzea.

Topaketetan Gasteizko hainbat alorren berri emango da: etxebizitzaren egoera, fracking egitasmoak... Erakutsi nahi dugu zer gertatzen den Gasteizen, Europako Hiriburu Berdean, jendeak egoeraren berri izan dezan, hirian gertatzen diren kontraesanen berri jakin dezan.

Desazkundea zeharkako gai bat dela kontuan hartuta, hainbat elkarterekin elkarlanean ideia hori gehiago gizarteratzeko bidea al dago?

Fracking-aren aurkako plataformarekin harremana badugu, baina ez dugu ildo horretan lan egiten. Oraingoz, hemengo egoeraren berri eman nahi dugu, sistemaren beste ondorio horien berri emateko. Energia etengabe kontsumitzen duen sistema bat izango ez bagenu, ez litzateke beharrezkoa izango gasa haustura hidraulikoz erauzi eta halako teknikak erabiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.