'EGUNKARIA AUZIA'

'Egunkaria, 11 urte akusatuen aulkian' mahai ingurua, gaur arratsaldean

Donostian Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko aretoan izango da saioa gaur, Mandasko Dukearen kaleko 11. zenbakian, 18:00etan: Iñaki Esparza, Juan Jose Alvarez eta Andres Urrutia arituko dira hizlari.

Filkaltzak 'Egunkaria'-ren auzi ekonomikoa artxibatzearen kontrako bere jarrera azaldu ondoren, agerraldia egin zuten auzipetuek. JON URBE / ARGAZKI PRESS
2014ko irailaren 16a
18:17
Entzun

Hiru epailek ostiralean aztertuko dute auzi ekonomikoko epaiketa egin ala ez. Elkarretaratzea bezperan izango da. Mahai inguruko hizlariak Iñaki Esparza EHUko Zuzenbide Prozesaleko katedraduna, Juan Jose Alvarez EHUko Nazioarteko Zuzenbidean katedraduna eta Andres Urrutia Euskaltzaindiko presidentea izango dira.

Egunkaria-ko auzi ekonomikoan epaiketarik egin ez dadila eskatzeko, elkarretaratze bat izango da ostegunean, hilak 18, Donostiako Auzitegiaren atarian, Atotxan, 11:30etik aurrera. Juana Maria Unanue, Iñigo Suarez de Odriozola eta Maria del Carmen Bildarraz epaileek ostiralean aztertuko dute epaiketa egingo den ala ez.

Donostiako Zigor Auzitegiak, joan den ekainaren 4an, itxi egin zuen Egunkaria-ko auzi ekonomikoa, ustezko delituak preskribatutzat jota —diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuen faltsutzea—, baina Gipuzkoako Fiskaltzak ekainaren 11n apelazio helegitea aurkeztu zuen, auzia preskribatuta ez dagoela iritzita. Defentsak helegitea inpugnatu zuen. Kasua Gipuzkoako Auzitegira pasatu zen, eta hango 3. sekzioko epaimahaiak aztertuko du epaiketa izango den.

Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubelzu daude auzipetuta kasuan. Fiskaltzak zigor handiak eskatu ditu: denera, 128 urteko kartzelaldia eta 221 milioiko isuna.

2003ko urriaren 16an egin zuen operazioa Guardia Zibilak, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. 2010eko maiatzean, Auzitegi Nazionalak Donostiako epaitegira igorri zuen auzia, Egunkaria-ren itxiera kasuko absoluzioaren ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.