Bederatzi puntuko agiria sinatu dute Espainiako Kongresuko hainbat diputatuk, Egunkaria auzia ixteko eskatuz. Sinatzaileekin batera Egunkaria auzian auzipetutako Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga eta Iñaki Uria azaldu dira prentsaurrekoan. Mahain eserita zeuden CiUko diputatu Josep M. Guinart, ERCko Joan Tarda, EAJko Josu Erkoreka, Nafarroa Baiko Uxue Barkos, IUko Gaspar Llamazares, EAko Begoña Lasagabaster, eta BNGkoFrancisco Rodriguez. Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz Egunkaria itxi eta hainbat lagun atxilotu zituztenetik bi urte pasa diren arren, “hartu ziren bezain neurri gogorrak” hartzea justifikatzen duen froga ziurrik ez dagoela salatu dute.
“Askatasuna kentzea” neurri “larria” dela diote, eta beraz, badaezpadako neurri gisa “ondo oinarritutako funts inkriminatorioak” baldin badaude bakarrik ezarri daitekeela iritzi diote. Gainera, beraien ustez kazeta bat itxita demokraziaren zutabe bat balantzan jartzen da, hain zuzen ere adierazpen eta informazio askatasuna.
Auzia irekita mantentzeko oinarri sendorik ez dagoela uste dute, eta gainera, egoera politikoa ere orain bi urteko desberdina dela. Espainiako gobernuburutzan lehen PP zegoela eta orain PSOE dagoela, ETAk 29 hilabete daramatzala inor hil gabe, eta “baldintza egokiak badaude” ETArekin hitz egitea hobetsiz Espainiako Kongresuan onartutako ebazpena gogorarazi dute.
Beraz, arauak egoeraren arabera ezarri behar direla iritzi diote sinatzaileek. Orain bi urte Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean PPren “bultzada politikoa” zegoela, eta orain bultzada hori desagertu behar dela uste dute, eta beraien ustez Botere Judizialak "independentziaz" ezarri beharko du legea, “kontextu berriari egokituz”.
Sinatzaileen iritzian auzia irekita mantentzeko “oinarri sendorik” ez dagoela azpimarratu dute, eta horregatik artxibatzeko eskatu dute. Horrek, Euskal Herriko bake eta normalizazio prozesuan aurrera egiteko laguntza handia emango lukeela iritzi baitiote.
'Egunkaria auzia'
‘Egunkaria auzia’ artxibatzeko eskatu dute Espainiako Kongresuko hainbat diputatuk eta senadorek
Espainiako Kongresuan EAJk, CiUk, ERCk, IUk, Nafarroa Baik, BNG, Coalicion Canariak, CHAk eta EAk dituzten 36 Diputatuk eta 25 senadorek =iEuskaldunon Egunkaria=i-ren kontra abiatutako auzibidea artxibatzeko eskatu dute. Auzibidea abiatu zenean PPren “eragin politikoa” egon zela iritzi diote, eta orain egoera politikoa aldatu egin denez —Espainiako gobernuan alderdi politiko desberdin bat egotea, ETAk inor hil gabe daraman denbora, eta Espainiako Kongresuan onartutako ebazpena jarri dituzte adibide—, auzia artxibatu egin beharko litzatekeela uste dute. Izan ere, beraien aburuz, ez dago oinarri argirik auzia indarrean mantentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu