Egunkaria auzia behin betiko itxi behar dela ondorioztatu dute zazpi akusatuen defentsak eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak. Epaiketaren aurretik auzia bertan behera uzteko eskaerak aztertzeko auzi-saioa egin da gaur Auzitegi Nazionalean. Defentsak bi arrazoibide ezberdin aurkeztu zituen Egunkaria auziko sumario nagusia ixteko. Bata, herri akusazioaren zilegitasunik ezarekin lotuta. Bestea, auzia epaitua izanarekin eta delitu faltarekin lotuta. Bi kasuetan, Auzitegi Nazionaleko Miguel Angel Carballo fiskalak bat egin du erabat auzia betiko ixteko eskaerarekin. Orain arte fiskalak behin-behineko ixtea eskatu izan du sumario honetan, baina atzoko auzi-saioan, defentsaren argudioak entzunda, bere egin zuen behin-betiko ixteko eskaera. Auzitegi Nazionaleko 2. Salako epaimahaiak du orain azken hitza.
Defentsaren lehen arrazoibidea -herri akusazioaren zilegitasunik eza- ez zen berria fiskalarentzat, bere garaian horren alde agertu baitzen, Botin auziko doktrinan oinarrituta. Baina bigarren arrazoibidea berriturik eraman zuen defentsak atzoko saiora. Hasiera batean, Xabier Alegriarentzat auzia ixteko eskatzen zuen defentsak, dagoeneko delitu berengatik epaitua izan delako, 18/98 auzian, hain zuzen, eta epaia finkoa delako, Auzitegi Gorenak bere hitza eman ondoren. Atzoko saioan, baina, defentsaharatago joan zen eta akusatu guztientzat eskatu zuen auzia behin-betiko ixtea, auzigaia epaitua izan dela eta ezein deliturekin uztartzeko oinarririk ez duela argudiatuz.
Gaur alde biekin bildu eta gero erabakiko du Auzitegi Nazionalak Egunkaria-ren auzi nagusia ixten duen ala ahozko epaiketa egingo duten azkenean. Iñigo Iruin eta Jose Maria Elosua defentsa abokatuek aurretiazko galderak jarri zituen, baita auziaren artxiboa eskatu ere -besteak beste, akuzasio partikularrik ez dagoelako, eta Espainiako Fiskaltzak zigor eskaerarik ez duelako egin eta honek ere artxiboa eskatua duelako-. Iruin eta Elosua gaur bi orduz mintzatu dira epailearen aurrean. Herri akusazioa AVTk eta Dignidad y Justicia elkarteak osatzen dute.
Javier Gomez Bermudez epaileak dauka egun auziaren ardura Auzitegi Nazionalean. Erabakia noiz plazaratuko duen ez dago zehaztuta.
Egunkaria-ren auzi nagusian zazpi lagun daude inputatuta: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga eta Xabier Alegria.
Defentsak ohartarazi du Alegria dagoeneko 18/98 auzia-n epaitua izan dela, "erakunde terrorista bateko kide" izatea leporatuta, eta orain ezingo luketela Egunkaria-ren auzian berriro epaitu. Zubiriaren kasuan, berriz, haren abokatuek diote inputazioak epez pasatu direla.
2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria-ko egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Torrealdai, Uria, Auzmendi, Otamendi, Zubiria, Oleaga, Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen) eta Inma Gomila.
Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten Del Olmo epailearen aurrean. Guztiek jarri zuten salaketa, eta guztiak artxibatuta daude.
Zazpi auzipetuei Egunkaria-n "izandako ardurengatik" ETAko kide izatea egotzi diete. 12 eta 14 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatu dituzte haien aurka.
2003ko urrian, berriz, auzi ekonomikoari buruzko operazioa egin zuen Guardia Zibilak, orduan ere Del Olmok aginduta, eta zortzi auzipetu daude: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena. 13 eta 26 urte arteko espetxe zigorrak eskatu dituzte zortzi auzipetuontzat, baita 235 milioi euroko isuna ere.
'Egunkaria auzia'
'Egunkaria auzia' betiko ixteko eskatu du fiskalak
Espainiako Auzitegi Nazionala auzi nagusiko alde biekin batzartu da, baina ez dago zehaztuta erabakia noiz plazaratuko duten. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga eta Xabier Alegria dira zazpi auzipetuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu