'Egunkaria auzia' "iraganaren herentzia anakronikoa" dela diote gizarteko hainbat lagun ezagunek

Auzibidea ixteko eskatu dute, "zuzenean kaltetutakoekin justizia egiteagatik, gizarte demokratiko batean informazio aniztasunak errepresentatzen duen onura babesteagatik, eta gero eta herritar gehiagoren arabera inoiz gertatu behar ez zuen pasarte honi amaiera puntua jartzeagatik". Madrilen agerraldia egin dute.

2009ko otsailaren 25a
18:10
Entzun
Joan den otsailaren 20an bete ziren sei urte Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Euskaldunon Egunkaria itxi zuela, eta gaur gizarteko hainbat lagun ezagunek Madrilen eman duten prentsaurrekoan adierazi dute auzia "iraganaren herentzia anakronikoa" dela, "besterik ez". Kasua ixteko eskatu dute, bide batez -bi auzi daude zabalik-. "Azken urteotako historiaren kapitulu goibel hau lehenbailehen ixtea komeni da, zuzenean kaltetutakoekin justizia egiteagatik, gizarte demokratiko batean informazio aniztasunak errepresentatzen duen onura babesteagatik, eta gero eta herritar gehiagoren arabera inoiz gertatu behar ez zuen pasarte honi amaiera puntua jartzeagatik".

Haien ustez, auzibidea artxibatzea da "bidezko soluzio bakarra". "Egindako kalte sakonak bere horretan irauten du; dagoeneko konpondu ezinezkoa da itxitako eta likidatutako egunkariarentzat, baina hortxe jarraitzen du oraindik gaur egun auzipetuta dauden 12 lagunentzat, zeinak euskal komunikazioaren, letren eta kulturaren esparruan erreferente ezagun eta errespetatuak baitira", esan dute Madrilen, Espainiako Auzitegi Nagusitik ehunen bat metrora egindako agerraldian.

Pedro Miguel Etxenike fisikaria, Daniel Innerarity eta Joxe Azurmendi filosofoak, Bernardo Atxaga idazlea eta Jonan Fernandez Baketik Zentroko zuzendaria dira adierazpenaren sustatzaileak.

Beste hainbatek eman dute atxikimendua: Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak, Gregorio Monreal, Juan Ignacio Perez Iglesias eta Pello Salaburu EHUko errektore ohiek, Josu Zabala Mondragon Unibertsitateko errektoreak, Javier Retegi Mondragon Unibertsitateko errektore izandakoak,

José Maria Muñoa Eusko Ikaskuntzako presidenteak, Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidenteak, Carlos Garikoetxea eta Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiek, Juan Mari Atutxa, Joseba Leizaola eta Juan Jose Pujana Eusko Legebiltzarreko presidente ohiek, Xabier Arzalluz EAJko presidente ohiak, Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohiak, Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohiak, Jesus Uzkudun CCOOko kideak, Montxo Armendariz zinema zuzendariak, Nestor Basterretxea eskulturgileak, Mariano Ferrer kazetariak, Laura Mintegi eta Mariasun Landa idazleek, Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohiak, Jesus Mari Zamora Realeko jokalari ohiak...

Hain justu, Inenarity, Etxenike, Perez Iglesias, Garaikoetxea, Arzalluz, Fernandez, Mintegi, Zamora, Mendiguren, Uzkudun eta Ferrer egon dira gaur Madrilgo agerraldian. Komunikabide asko izan dira bertan. Inenarityk aurkeztu du ekimena, Etxekinek gazteleraz irakurri du eta Perez Iglesiasek euskaraz.

Lehengo ostiralean Eusko Jaurlaritzak auzia ixteko eskatu zuen berriro. Andoainen (Gipuzkoa), berriz, Martin Ugalde Kultur Parkean berrehun bat lagunek elkarretaratzea egin zuten; Egunkariaren Aldeko Taldeak adierazpena leitu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.