EGUNKARIA AUZIA

'Egunkaria auzia'-ren aurkako elkarretaratzea egingo dute abokatuek eta legelariek ostiralean, Donostian

Bulebarrean izango da zuzenbide arloko kideen bilkura, 13:00etan. Deialdia irekia da. Aste batzuk barru espero dute epaiketa hastea, eta bost auzipetu daude.

2009ko azaroaren 10a
18:32
Entzun
Egunkaria auzia-ren aurkako eta auzipetuen aldeko elkarretaratzea egingo dute ostiral honetan abokatuek, legelariek eta zuzenbide arloko kideek, Donostian, Egunkaria libre! lelopean. Bulebarrean izango da, 13:00etatik aurrera. Dena dela, bilkura horren deialdia ere irekia da.

Azkeneko asteetan euskal zinemako hainbat lagunek, kirolariek, politikariek, bertsolariek, idazleek eta argitaletxeetako ordezkariek, eta musikariek eta diskoetxeetako ordezkariek egin dituzte auziaren kontrako elkarretaratzeak.

Bost auzipetu

Egunkaria auziko sumario nagusiko epaiketa aste batzuk barru hastea espero dute -kazetaren itxierarena-, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga daude auzipetuta, ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen. Epaiketaren hasiera eguna jartzeke dago oraindik.

Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dute haren aurka.

Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).



Egunkaria-ko langile izandakoak epaiketa prestatzen dabiltza, gizartea mobilizatzeko. Herri batzordeak sustatzen ari dira, epaiketarako dirua biltzen, mobilizazioak antolatzen...

=b2003ko otsailaren 20an itxi zuten 'Egunkaria'=b

2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria euskarazko egunkariaren egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen), eta Inma Gomila.

Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Seiek jarri zuten salaketa, eta guztiak artxibatuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.