'egunkaria auzia'

'Egunkaria auzia'-ren aurkako elkarretaratzea egingo dute kirolariek ostiralean, Donostian

Bulebarrean izango da, 13:00etan. Deialdia irekia da. Lehengo ostiralean euskal zinemako hainbat lagunek egin zuten bilkura.

2009ko irailaren 29a
16:56
Entzun
Egunkaria auzia-ren aurkako eta auzipetuen aldeko elkarretaratzea egingo dute ostiral honetan euskal kirolariek, Donostian, Egunkaria libre! lelopean. Bulebarrean izango da, 13:00etatik aurrera. Dena dela, deialdia irekia da, herritar ororentzat. Egunkariaren Alde Elkarteak deitu du ekimena.

Lehengo ostiralean euskal zinemako hainbat ordezkarik egin zuten bilkura, Donostian bertan, Kursaal atarian, Donostiako Zinemaldia zela probestuz.

Epaiketa, aste batzuk barru

Azaroan hasiko da epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga daude auzipetuta. 12 eta 14 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte haien aurka, ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen.

Egunkaria-ko langile izandakoak epaiketa prestatzen hasi dira, gizartea mobilizatzeko asmoz. Herri batzordeak sustatu nahi dituzte, epaiketarako dirua bildu, mobilizazioak antolatu...

2003ko otsailaren 20an itxi zuten 'Egunkaria'

2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria euskarazko egunkariaren egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen), eta Inma Gomila.

Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Seiek jarri zuten salaketa, eta guztiak artxibatuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.