'Egunkaria auzia'

'Egunkaria auzia'-ren "jarraipen politiko eta juridikoa" egingo du Kataluniako Batzordeak

Bartzelonan, Kataluniako Kazetarien Elkargoan, aurkeztu dute 'Egunkaria auzia'-ren Behaketarako eta Jarraipenerako Batzorde Katalana. Hango gizarteko hainbat arlotan entzutetsu diren ehundik gora lagun dra batzordeko kide, eta auziaren "bilakaera politiko eta juridikoaren" jarraipena egingo duela iragarri dute. Besteak beste, batzordeko kide dira Lluis Llach musikaria, Oleguer Presas Barcelonako futbolaria, Isabel Clara-Simó idazlea, Salvador Cardus kazetari eta soziologoa eta Vicent Parta 'Vilaweb'-eko zuzendaria. PSC, CiU, ERC ea IC-Vko politikariak ere badira. August Gil Matamala Europako Abokatu Demokraten Elkarteko lehendakariak eta Antonio Reig Kataluniako Kazetarien Elkargoko dekanoaren ordezkariak egin dute batzordearen aurkezpena.

2005eko apirilaren 22a
17:35
Entzun
Haiekin batera 'Egunkaria auzia'-n auzipetu eta Egunkariaren Alde Elkarteko kide Joan Mari Torrealdai (Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko lehendakari zena), Iñaki Uria (Egunkaria-ko kontseilari ordezkaria) eta Martxelo Otamendi (Egunkaria-ko zuzendaria) izan dira. Aurkezpen mahaian egon dira, halaber, David Fernandez Plataforma per Egunkaria-ko kidea eta Lorea Agirre kazeta haren itxierari buruzko Gezurra ari du liburuaren egilea.

Batzorde sortu berriko kideek argitu dutenez, "'Egunkaria auzia'-ren bilakaera politiko eta juridikoaren jarraipena" egitea da beren xedea, eta, era berean, auzipetuei elkartasuna adieraztea. Balorazio txosten batean gauzatuko da haien lana.

Antoni Reig Kataluniako Kazetarien Elkargoko zuzendaritzako kideak agertu duenez, adierazpen askatasunaren kontrako ekintzak izan ziren Egunkaria-ren itxiera eta haren inguruko polizia operazioa. Horregatik, Kataluniako Kazetarien Elkargoak hasiera-hasieratik arbuiatu zuela nabarmendu du. Nolanahi ere, Egunkaria itxi zutenetik Espainian gobernu aldaketa izan dela agertu du Reigek, eta Gobernu sozialistak adierazpen askatasunaren defentsa bre egiten duenez 'Egunkaria auzia' bertan behera utzi beharko lukeela iradoki du.

August Gil Matamala Europako Abokatu Demokraten Elkarteko presidenteak, berriz, auziaren irakurketa juridikoa egin du. Kasua sakon aztertu duela erakutsiz, "oinarri antijuridikoetan" oinarrituta dagoela nabarmendu du. Matamalaren iduriko, 'Egunkaria auzia'-n ez dago delitu eta froga zehatzen arrastorik; aitzitik, aurrez erabakitako tesi batzuetan oinarrituta pertsonak ikertu direla iritzi dio, eta zantzuak zantzuen gainean pilatuz, frogarik gabe, eraman dela auzibidea.

Alderdiekin harremanak

Egunkariaren Alde Elkarteko kideak hainbat harreman lantzeko baliatzen ari dira Kataluniara egiten ari diren bisita. Agenda estua dute gaur eta bihar, hainbat alderdietako ordezkariekin bilduko baitira. Goizean IC-Vko kideekin batzartu dira, eta eguerdi ostean PSCrekin batera aurkeztu ziren Ciudadans per el Cambi plataformako kideekin. ERCkoekin eta CiUkoekin ere izango dira.

Gainera, 'Egunkaria auzia'-ren Behaketa eta Jarraipen Batzorde katalanean hainbat alderditako ordezkariak daude, hala nola, ERCkoak, IC-Vkoak, CiUkoak eta PSCkoak.

‘Plouen Mentides’, 'Egunkaria'-ren itxieraren kronika katalanez

Horrez gain, 'Egunkaria auzia'-rekin lotutako beste ekitaldi bat izango da: Plouen Mentides. Crónica del tancament d’Egukaria liburuaren aurkezpena. Lana Lorea Agirre kazetari eta idazlearen Gezurra ari du kronikaren katalanezko egokitzapena da. Liburuarekin batera DVD bat banatuko da:El tancament d’Egunkaria: reaccions a Catalunya . Argitalpenean parte hartu dute Plataforma per Egunkariak, Vilaweb-ek, Ramon Barnils kazetari taldeak, Illacrua aldizkariak, Bartzelonako Euskal Etxeak eta Bartzelonako Udaletxearen Eskubide Zibilen zinegotzigoa. Aurkezpena arratsaldeko 20:00etan, Bartzelonako Udaletxean (Grazia Barrutia) egingo da.

Bertan izango dira Lorea Agirre egilea, Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari ohia, Iñaki Uria, Egunkaria -ren kontseilari ordezkaria, Joan Mari Torrealdai Egunkaria-ren Administrazio Kontseiluko lehendakari ohia, Vincent Partal Vilaweb-en zuzendaria, Santi Vidal epailea, Rafael Calderón Giza Eskubideen aldeko Batzorde Katalanaren lehendakaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.