sansebastianak

'Egunkaria' eta BERRIAri aitortza egin diete Azpeitiko danborradan

Iñaki Uria, Joanmari Larrarte eta Martxelo Otamendi bandera igotzean izan dira, alkatearekin batera.

2013ko urtarrilaren 19a
10:22
Entzun

Gaur Azpeitian, San Sebastian bezperako helduen danborradan, Euskaldunon Egunkaria itxi zuteneko hamargarren urteurrena dela ekarri dute gogora udaletxean. Udalak Egunkaria eta BERRIAko arduradunak gonbidatu ditu gauerdian banderaren igoeran parte hartzera, "bi egunkariek euskararen aldeko lan eskerga egin dutelako".

Otsailaren 20an hamar urte beteko dira Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakiz, Egunkaria itxi zuela. Hamar lagun atxilotu zituen, Juan del Olmo epailearen aginduz. Hurrengo egunean Egunkaria-ko langileek Egunero kazeta atera zuten; 2003ko ekainaren 21era arte iraun zuen, BERRIA sortu arte. 2010ean Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen Egunkaria-ko sumario nagusiko bost auzipetuak.

22:15ean abiatu da Azpeitiko helduen danborrada Olazko Andre Mariaren plaza aurretik, mila danbor-jotzaile ingururekin. Gaueko hamabiak heldu orduko, herriko bandera eta ikurrina igo dituzte udaletxeko balkoian. Ekitaldian izan dira, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriarekin batera, Iñaki Uria Egunkaria-ko kontseilari ordezkari ohia, Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria eta Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari ohi eta BERRIAko zuzendaria. Egunkaria itxi zutenean hamabi azpeitiarrek egiten zuten lan han, eta haien ordezkaritza bat ere izan da bihar udaletxean.

Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusia ere Azpeitiko udaletxean izan da, iaz bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.