Zer erabakia badago, ordea, oraindik. Kartzelara joateko arriskuan daude hamabi lagun: duela bost urteko operazioan atxilotuetako zazpi lagun jatorrizko sumarioan epaituko dituzte; eta haietako hiru eta gerora inputatutako beste bost auzi ekonomikoan epaituko dituzte. Bost urte hauetan hogeita bost lagun inputatu ditu Del Olmo epaileak -duela bost urteko operazioan atxilotutako hamar, urte bereko urrian atxilotutako bederatzi, eta gerora deklaratzera deitutako beste sei-, baina azkeneanhaietako hamahiruri ez die ezer leporatu.
Bi auziak Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte, eta biak epaiketa egin atarian daude, akusazioak eta zigor eskaerak dagoeneko zehaztuta.
Sumario nagusian, Egunkariaren eta ETAren arteko ustezko harremanari buruzkoan, 12 edo 14 urteko espetxe zigorrak eskatu dituzte AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek auzipetu bakoitzarentzat, guztiei ere ETAko kide izatea leporatuta. Akusazioen arabera ETAko kide dira Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga eta Xabier Alegria, Egunkaria ETAren tresna omen zelako. Baina Auzitegi Nazionaleko fiskalak esana du auzipetuen eta ETAren artean loturarik ez dela ageri akusazioek aurkeztu dituzte agirietan, ezta Egunkaria-ren eta ETAren artean ere.Fiskaltzak 2006ko abenduan aurkeztutako idatzian esandako hitzak zalantzarik gabeak dira: «Egunkaria ETA finantzatzeko edo haren diruak zuritzeko erabilia izan dela egiaztatu ez denez, ikusita Egunkaria eta auzipetuak ez direla ETAren helburuen alde aritu, ikusita auzipetuek ez dituztela legitimatu ekintza terroristak (...), ikusita auzipetuek terrorismoarekin kolaboratzeko inolako laguntza jakin eta orokorrik ez dutela eman, bidegabea da ahozko epaiketa irekitzea».
Epaiketarik egin gabe auzia artxibatzeko eskatu zuen fiskalak, defentsak bezala, baina Dignidad y Justicia eta AVTren akusazioetan oinarrituta epaiketa egitea erabaki zuen Zigor Salak. Botin auziaren doktrinak ez du, nonbait, Egunkaria auzirako balio: fiskaltzak akusaziorik aurkeztu ez arren eta akusazio partikularrik ez dagoen arren, herri akusazioarekin bakarrik epaiketa egin egingo da, Egunkaria-ren defentsak epaiketa egin ez dadin egindako azken eskaerari erantzutean Zigor Salak irizpidez aldatzen ez badu behintzat. Ustekabe handia litzateke.
AUZI EKONOMIKOA. Auzi ekonomikoan zortzi lagun epaituko dituzte. Sumario nagusian ere epaituko dituzten hiru -Torrealdai, Uria eta Auzmendi-, 2003ko urriaren 17ko operazioan atxilotutako bi -Joxemari Sors eta Mikel Sorozabal- eta gerora inputatutako hiru -Ainhoa Albisu, Bego Zubelzu eta Fernando Furundarena-. 13 eta 26 urte arteko espetxe zigorrak eskatu dituzte akusazioek auzipetuentzat, delitu ekonomikoak leporatuta.
Ustezko delituak ekonomikoak direnez, auzia epaitegi arruntean epaitzea eskatu zuen fiskalak, baina Auzitegi Nazionaleko Zigor Epaitegi Zentralak ez inhibitzea erabaki du, eta Auzitegi Nazionalean epaitzea. Erabaki horren ondoren, fiskalak Dignidad y Justicia eta AVTren akusazioekin bat egin du. Prozedura laburtua denez, sumario nagusia baino azkarrago egin dituzte auzi honetako izapideak, eta litekeena da auzi ekonomikoari buruzko epaiketa bestea baino lehenago egitea.
Kantuan gogoratu dute urteurrena Donostian
ERREDAKZIOADonostiako Parte Zaharrean egindako Kantu Jira berezi eta jendetsuarekin hasi dira Egunkaria-ren itxieraren bosgarren urteurreneko ekitaldiak. Hilabete bakoitzeko hirugarren larunbatean bildu ohi dira Donostiako Parte Zaharrean kantuan egiteko eta, atzo, Egunkaria-ren aldeko ekitaldi berezia zenez, ohi baino jendetza handiagoa bildu zen. Egunkaria-ko hainbat auzipetuk ere hartu zuen parte Kantu Jiran, hala nola Joan Mari Torrealdaik, Txema Auzmendik, Xabier Oleagak, Ainhoa Albisuk eta Mikel Sorozabalek.
Egunkaria-ren aurkako operazioa eta auzibidea salatzeko ekitaldi nagusia Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egingo da datorren asteazkenean, itxieraren bosgarren urteurrenaren egunean, 11:30ean. Andoaingo ekitaldi nagusiaz gain, beste hainbat lekutan ere ekitaldiak antolatu dituzte, Egunkaria libre! goiburuarekin. Elkarretaratzeak egingo dituzte, esate batera, Bilbon, Iruñean, Baionan eta Euskal Herri osoko hamaika herritan. Bartzelonan ere elkarretaratzea egingo da asteazkenean, 20:00etan, Sant Jaume plazan.
'eGunKarIa auzIarI BuruzKo GaLDera-eranTzunaK
Epaiketarik ez egiteko aukerarik ba al dago oraindik?Ez. Auzi ekonomikoko epaiketa egin egingo da, erremediorik gabe. Eguna jartzea bakarrik falta da. Sumario nagusiari buruzkoa egitea ere erabakita dauka Zigor Salak, eguna jarri aurretik defentsaren azken eskaera bati erantzunbehar dion arren.
Zergatik bi epaiketa?
Hasiera batean sumario berean zeuden eginbide guztiak, baina gerora Juan del Olmo instrukzio epaileak erabaki zuen bitan banatzea, ustezko delitu ekonomikoak aparte ikertzeko.
Noiz egingo dira epaiketak?
Oraindik egunik ez dute jarri. Datozen hilabeteetan izan daitezke. Auzi ekonomikoa lehenago izan daiteke, prozedura laburtuaren bidez bideratu dutenez, tramiteak aurreratuago dituztelako.
Non egingo dira epaiketak?
Auzitegi Nazionalean biak. Auzi ekonomikoa Donostiako edo Tolosako epaitegian egiteko eskatu dute bai defentsak eta bai fiskalak, baina Auzitegi Nazionalak epaiketa bertan egitea erabaki du.
Nork epaituko ditu?
Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako hiru magistratuk osatutako epaimahaiak epaituko ditu sumario nagusiko zazpi auzipetuak. Oraindik ez dituzte izendatu. Auzi ekonomikoko zortzi auzipetuak, aldiz, epaile bakarreko epaimahaiak epaituko ditu, prozedura laburtua delako: Jose Maria Vazquez Honrubia Zigor arloko Epaitegi Zentraleko epaileak, hain zuzen.
Zein dira akusazioak?
ETAko kide izatea sumario nagusian, euskarazko egunkaria sortzen eta kudeatzen egindako lanagatik; eta zerga iruzurra, diru kontuenfaltsutzea eta diru laguntzen iruzurra egitea, auzi ekonomikoan.
Zertan oinarritu da Auzitegi Nazionala sumario nagusian epaiketa egitea erabakitzeko?
Dignidad y Justicia eta AVT elkarteen akusazioak dira epaimahaiaren helduleku bakarra, fiskalak akusaziorik aurkeztu ez duenez. Herri akusazio gisa ari dira.
Botin auziko erabakiak zer eragin du?
Fiskaltzaren edo akusazio partikularraren salaketarik gabe, herri akusazioaren salaketa hutsarekin, epaiketarik ezin dela erabaki zuten Auzitegi Nazionalak eta Auzitegi Gorenak. Baina Botin auzia prozedura laburtua zen, eta Egunkaria-ren auzi nagusia, berriz, sumario arrunta. Auzi ekonomikoa prozedura laburtua da, baina fiskalak akusazioa aurkeztu du.
Zer dio fiskaltzak sumario nagusiko akusazioei buruz?
Egunkaria-ren edo auzipetuen eta ETAren arteko ustezko loturen frogarik ez dagoela ondorioztatu du eta, beraz, sumario nagusiko auzipetuei zer leporaturik ez dagoenez, auzia artxibatu egin behar dela, epaiketarik egin gabe.
Zer dio Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak sumario ekonomikoari buruz?
Egunkaria-ren eta ETAren artean loturarik ez dagoela ondorioztatu duenez, auzia Auzitegi Nazionaletik kanpo epaitu beharko litzatekeela. Delitu ekonomikoen zantzuak ikusi dituenez, ordea, akusazioari eutsi egin dio, eta Dignidad y Justiciaren zigor eskaera gogorrekin bat egin du.
Zer diote euskal instituzioek Egunkaria-ri egozten zaizkion delitu ekonomikoei buruz?
Zerga iruzurrari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak esana du, txosten baten bidez, Egunkaria-ren taldeko enpresek ez dutela iruzurrik egin, eta epaiketan ez pertsonatzea erabaki du ondorioz. Dirulaguntza iruzurrari dagokionez, ez pertsonatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak ere.
Zer eragin izan duGuardia Zibilak bi auzietan?
Handia. Egunkaria-ren itxieraren jatorrian Guardia Zibilaren ikerketa bat dago, ETAren eta hainbat enpresaren arteko lotura ikertzeko eginbideak. Instrukzio osoaren oinarrian Guardia Zibilaren txostenak daude.
Zer emaitza izan du Guardia Zibilak eta Del Olmok gidatutako ikerketak?
Zazpi urte iraun du ikerketak, Egunkaria itxi baino bi urte lehenago hasi baitzen, sekretupean, 2001ean. Miaketatan eramandako milaka agiri aztertu dituzte, eta ez dute atzeman Egunkaria-ren eta ETAren artean harremana zegoela adierazten duen agiririk. Eginbideen hasieratik zeuzkaten agiri zaharrak besterik ez dituzte, 1990eko hamarkadaren hasieran ustez ETAko hainbat kideri atzemandakoak, fiskalaren beraren ustez ere ETArekiko loturarik adierazten ez dutenak.
Zer baldintzatan daude aske auzipetuak?
Aske gelditu ahal izateko bermeak ordaindu behar izan zituztenauzipetu gehienek: 450.000 euro Iñaki Uriak -gero 60.000ra jaitsi zioten-; 30.000 Martxelo Otamendik, Xabier Oleagak,Joxemari Sorsek eta Mikel Sorozabalek; 12.000 euro Pello Zubiriak, Txema Auzmendik eta Joan Mari Torrealdaik. Xabier Alegria ez dago aske, 18/98 auzian 18 urteko espetxe zigorra ezarri diotelako. Bere garaian 50.000 euroko bermea jarri zion Del Olmok. Auzipetu gehienek hamabostero sinatzera joan beharra daukate, epailearen baimenik gabe ezin dute Espainiako Estatutik atera, eta ondasunak blokeatuta dituzte.
Zertan dira auzipetuen tortura salaketak?
Bost auzipetuk salatu zituzten torturak: Iñaki Uriak, Martxelo Otamendik, Txema Auzmendik, Xabier Oleagak eta Xabier Alegriak. Uriaren salaketa baino ez dute aintzat hartu: galdekatu zuten guardia zibilen aurka epaiketa egitea erabaki du epaileak, eta erabaki horren aurkako helegitearen erabakiaren zain dago orain auzia. Auzmendiren eta Alegriaren salaketak behin-betiko artxibatu dituzte, eta Otamendirena eta Oleagarena ere artxibatu egin zituzten, eta erabaki horri jarritako helegitearen zain daude orain.