Egunkaria auzia

'Egunkaria' ixtearen larritasuna nabarmendu dute abokatuek

Auziari buruzko jardunaldiak egin dituzte abokatuek eta eragileek gaur, Bilbon. Itxiera "Zuzenbide Estatuaren, Espainiako Konstituzioaren eta Europako Giza Eskubideen Konbentzioaren kontrakoa" izan dela nabarmendu dute, eta Bizkaiko Abokatuen Bazkunak zazpi ondorio plazaratu ditu.

2008ko ekainaren 5a
17:35
Entzun
Bizkaiko Abokatuen Bazkunako (BAB) kideek eta aditu eta eragile batzuek berriz ere Euskaldunon Egunkaria itxieraren larritasuna agerian utzi dute gaur, Bilbon auziaz egindako jardunaldietan. Kazeta ixtea "Zuzenbide Estatuaren, Espainiako Konstituzioaren eta Europako Giza Eskubideen Konbentzioaren kontrakoa" izan dela azpimarratu dute.

Bilbon izan dira hizlari Nazario Oleaga BABeko dekanoa, Andres Urrutia Euskaltzaindiako lehendakaria, Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Enplegu sailburua, Luis Marti Mingarro Madrilgo Abokatuen Elkarteko dekano ohia (Alfonso Lopez Tena Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kidearen ordez etorri da) eta John Vervaele Utrecht-eko Unibertsitateko Zuzenbide Penaleko irakaslea. Han zeuden, besteak beste, auzipetuetako batzuk.

"Auzi honen aurrean ezin ditugu begiak itxi", esan du Nazario Oleagak. "Eta juridikoki ekarpena egin dugu".

Vervaele izan zen Europako eta Ameriketako hainbat estatuko aditu talde batek Euskal Herriko zenbait komunikabideren itxierari buruz landutako txostenaren egileetakoa. Haren arabera, Egunkaria-ren itxierarekin "oinarrizko eskubideak urratu" dira.

Azkarragak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren izenean joan dela gaurko jardunaldietara eta, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria ez bada joan, agenda arazoengatik izan dela. Egunkaria-ri eta Egin-i "heriotza zigorra" ezarri zitzaiela salatu du.

2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak Egunkaria -auzi nagusia-, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, eta urte bereko urrian beste operazio bat egin zuten -auzi ekonomikoa-. Denera hamabi lagun daude auzipetuta.

Ondorioak

Zazpi ondorio atera ditu Bizkaiko Abokatuen Bazkunak =iEgunkaria auzia=-i-z. Nazario Oleaga BABeko dekanoak irakurri ditu. Hemen (ez daude hitzez hitz):

1.Egunkaria ixteko behin-behineko neurria, azken batean, behin betiko bihurtu zen. Horrek Zuzenbide Estatuaren urraketa dakar; Espainiako Konstituzioaren eta Europako Giza Eskubideen Konbentzioaren kontrakoa da, egunkari bat ixteko neurria salbuespen egoeratan baino ezin daitekeelako hartu.

2. Espainiako Fiskaltzak auziaren artxiboa eskatu zuen, deliturik ez dagoela argudiatuta. Ez dute kontuan hartu hori.

3. Auzibidea polizia txostenetan oinarritu da batik bat, eta horrek akusazioaren eta defentsaren berdintasun irizpidea urratu egin du.

4. Auzibidea herri akusazioan oinarritu da batik bat, honek auzian interes zuzenik ez zuenean. Herri akusazioak eragiteko gaitasun zabalegia dauka.

5. ETAren jarduera eremu ez-publikoko euskal kulturarekin nahasteak ondorio larriak ekar ditzake epaia ematean. Aurrekaria sor dezake.

6. Auzipetuak bost urtean behin-behineko egoeran daude, haien errugabetasuna auzitan jarri da. Zigor aurreratua da hori.

7. Zigor Zuzenbidea adierazpen askatasunaren gainetik jarri da, alderantziz beharko zukeenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.