Egunkaria-ko auzi ekonomikoan auzipetuta dauden lagunak gaur Madrilera joan dira, Espainiako Auzitegi Nazionalera, epailearen ondorioen autoa jasotzera, baita Dignidad y Justicia eta fiskalaren kalifikazioak jasotzera ere. 10:00etan jarri die hitzordua Eloy Velasco epaileak, baina honek ez ditu hartu, funtzionario batek baizik. Auzipetuek tramite laburra bete dute -sinadura bota-, eta atzera Euskal Herrira abiatu dira.
Orain, defentsak idatzia aurkeztu ondoren, epaiketa noiz hasiko geratuko dira.
Juan Mari Torrealdai auzipetuak gaur ere azpimarratu du ez dutela delitu ekonomikorik egin eta, egotekotan, ez lituzketela Auzitegi Nazionalak epaitu behar, Euskal Herrikoren batek baizik, leporatzen dietenak ez duelako zerikusirik "indarkeriarekin". Torrealdaik jakinarazi duenez, Miguel Angel Carvallo fiskalak ere uste du epaiketa ez litzatekeela Auzitegi Nazionalean egin behar.
Zortzi auzipetu daude, eta 13 eta 26 urte arteko espetxe zigorrak eskatu dituzte haientzat, baita 235 milioi euroko isuna ere. Diru kontuak faltsutzea eta zerga iruzurra egin izana egotzi diete zortziei. Fiskalak bat egin du eskaera horiekin baina, oraingoz, ez du akusazioa formalizatu, Eusko Jaurlaritzaren txosten baten zain delako.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Jaurlaritzak -diru laguntzen emaileak- esan izan dute kasuan ez dagoela deliturik.
2003ko urrian egin zuen operazioa Guardia Zibilak, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta orduan ere.
Zortzi auzipetuak
Joan Mari Torrealdai. 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia dute eskatuta haren aurka, eta 32,8 milioi euroko isuna.
Iñaki Uria. 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eta 32,8 milioi euroko isuna.
Txema Auzmendi. 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eta 32,8 milioi euroko isuna.
Joxe Mari Sors. 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eta 32,8 milioi euroko isuna.
Ainhoa Albisu. 26 urte eta 4 hilabeteko espetxealdia eta 32,8 milioi euroko isuna.
Mikel Sorozabal. 21 urte eta 9 hilabeteko espetxealdia eta 27,2 milioi euroko isuna.
Begoña Zubelzu. 17 urte eta 2 hilabeteko espetxealdia eta 21,6 milioi euroko isuna.
Fernando Furundarena. 13 urte eta 3 hilabeteko espetxealdia eta 21,2 milioi euroko isuna.
'egunkaria auzia'
'Egunkaria'-ko auzi ekonomikoko auzipetuek ondorioen autoa eta kalifikazioak jaso dituzte
Tramite laburra betetzera joan dira Espainiako Auzitegi Nazionalera. Defentsak idatzia aurkeztu ondoren, epaiketa noiz hasiko geratuko dira. Zortzi lagun daude auzipetuta, eta 13 eta 26 urte arteko kartzela zigorrak eskatu dituzte haientzat. Torrealdaik gaur ere argitu du ez dutela delitu ekonomikorik egin eta, egotekotan, ez lituzketela Auzitegi Nazionalak epaitu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu