politika

'Egunkaria'-ko epai bera espero du Udalbiltzak, bi auziak ia "mimetikoak" direlako

2003ko apirilaren 29an egin zuten udal erakundearen aurkako operazioa, eta laster has daiteke epaiketa. 22 auzipetu daude.

2010eko apirilaren 17a
17:51
Entzun
"Egunkaria auzia-ren absoluzio epaia ezagutu ondoren, gure poza adieraztearekin batera, Udalbiltza auzia-n ere sententzia horretan biltzen diren arrazoi guztiak errepikatzen dira". Hala esan dute gaur Udalbiltzaren aurkako auziko kideek. Kasu horren "bidegabekeria" salatu dute, orobat.

Egunkaria-ko epaian "hainbat puntu interesgarri eta positibo" daudela iritzi diote. "Besteak beste, komunikabide baten itxiera inkonstituzionala kontsideratzea, torturen sinesgarritasuna adierazi izana, eta akusazioaren froga gabezia nabarmendu izana. Egunkaria-ren eta Udalbiltzaren auziak hainbat modutan era mimetikoan ere interpreta daitezke".

Hil honen 29an beteko dira zazpi urte Udalbiltzaren kontrako polizia operazioa egin zutenetik, Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta. Hamahiru lagun kartzelaratu zituzten, egoitza publikoak itxi, eta herritarrek Zuberoako hainbat garapen egitasmorako emandako 400.000 euro "lapurtu". Aurki has daiteke epaiketa. 22 auzipetu daude. "Gizarteari eskatzen diogu epaiketa hasi behar denerako adi egon dadila eta, beste hainbatetan legez, elkartasun olatua mugi dadila bidegabekeria honen kontra".

Haien arabera, udalen elkarteak ez zuen "inolako jarduera deliktiborik egin, sumarioan azaltzen diren ekimenak, udaletxe eta beste instituzioetan bultzatzen eta laguntzen diren ekimenak direlako". Bestetik, "Udalbiltza ETAren proiektua zela eta ETAk kontrolatzen zuela esatea beste falazia bat da: Udalbiltzaren sorreran eta jardueran parte hartu duten milaka udal hautetsi kriminalizatzea bilatzen duen falazia interesatua".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.