Abenduaren 19ko Bilboko manifestazioarekin bat eginez -auzipetuek deitutakoa da-, mobilizazioak egitekoak dira Euskal Herritik kanpoko hainbat tokitan, baina Madrilen Egunkaria-ren babeserako plataformak antolatutakoa debekatu egin du Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Auzitegi Nazionalak 2003an Egunkaria itxi bazuen, kazeta "proiektu terrorista baten parte dela esateko frogak" badaudelako izan zela dio Gobernuaren ordezkariak eta, beraz, auzitegi horretan "ebazpen judizial firmea" dagoela.
Madrilgo plataformak salatu duenez, Gobernuaren ordezkariak epaiketa egin aurretik eman du epaia, eta errugabetasun presuntzioa ez errespetatzea leporatu dio. Horretaz gain, manifestaziora joan nahi dutenen oinarrizko eskubideak urratzea ere egotzi dio. Debekuaren kontra helegitea jarriko du.
Asteartean hasiko da epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga daude auzipetuta, ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen. Dignidad y Justicia eta AVT dira herri akusazioak.
'Egunkaria'-ren alde Madrilen deitutako manifestazioa debekatu egin dute
Espainiako Gobernuaren ordezkariak hartu du neurria, Auzitegi Nazionalaren 2003ko erabakian oinarrituta. 'Egunkaria'-ren babeserako plataformak hilaren 19an egin nahi du ekimena, eta helegitea jarriko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu