'egunkaria auzia'

'Egunkaria'-ren aldeko babes taldea sortu dute Madrilen

Askatasunen murrizketa salatzeko eta auzipetuei elkartasuna adierazteko asmoz eratu dute plataforma. Aste batzuk barru hasiko da epaiketa.

2009ko urriaren 14a
10:47
Entzun
"Ba al zenekien Estatu Espainiarrean botere publikoek egunkariak itxi egiten dituztela? Hori da Egunkaria egunerokoaren kasua". Egunkaria auzia-ren berri ematen duen informazioa banatu du Egunkaria-ren aldeko plataformak Madrilen. Atzo bertan sortu zuten babes talde hori, askatasunen murrizketa salatzeko eta auzipetuei elkartasuna adierazteko asmoz.

Plataformak dio euskarazko kazeta ixtearen eta honen zuzendaritzako kideen aurkako akusazioen kontra dagoela, "adierazpen askatasuna ukatu eta informazio aniztasunaren aurka eraso egiten delako". Era berean, gogora ekarri du euskararen eta euskal kulturaren aurkako erasoa dela, euskaldunei berezko komunikabideak izatea ukatzen zaielako. Auzipetuek jasandako torturak "onartezinak" direla ere baderitzo.

Bost auzipetu

Egunkaria auziko sumario nagusiko epaiketa azaroan hasiko da -kazetaren itxierarena-, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga daude auzipetuta, ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen. Epaiketaren hasiera eguna jartzeke dago oraindik.

Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dute haren aurka.

Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).

=b2003ko otsailaren 20an itxi zuten 'Egunkaria'=b

2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria euskarazko egunkariaren egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen), eta Inma Gomila.

Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Seiek jarri zuten salaketa, eta guztiak artxibatuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.