Egunkaria-ren aldeko Zaragoza, Valladolid, Asturias, Katalunia eta Madrilgo taldeen ustez, Espainiako Auzitegi Nazionalaren absoluzio epaiak gaizki utzi ditu Juan del Olmo epailea eta Guardia Zibila. Biok izan ziren 2003ko otsailaren 20an euskarazko kazeta itxi zutenak: epailearen agindua bete zuen Guardia Zibilak. "Epaiak oso egoera txarrean utzi ditu, ustezko frogak eraiki zituztelako Egunkaria ixteko helburuarekin", adierazi dute gaur Espainiako Estatuko babes taldeek ohar baten bidez.
Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuek jasotako absoluzioa nahikoa ez dela iritzi diote plataformek, eta kalte-ordainak eskatu dituzte. "Torturak jaso dituzte, kartzela zigorrak, funtsik gabeko akusazioak, galera ekonomiko handiak, kazetako langileek lanpostua galdu zuten eta euskal gizarteari bere hizkuntzan informazioa jasotzeko eskubidea kendu zioten. Egindako kalte guztia ordaintzeko eskatzen diegu botere publikoei, baita legedia modu ilegalean aplikatu zutenek erantzukizunak hartzeko ere".
Iritzi publikoaren sortzaile askok hartzen duten funtzioaren aurka ere agertu dira. Egia gisa Poliziaren ikuspegia soilik hartu izana egotzi diete.
Inoiz hasi behar ez zuen amesgaiztoa
Babes taldeen esanetan, inoiz hasierarik izan behar ez zuen amesgaiztoa da Egunkaria auzia, eta sententziak "errepresio politiko orokortuaren amaiera" ekartzea espero dute. Berriro agertu diote elkatasuna euskarazko kazetari, eta Egin egunkaria, Egin Irratia eta Ardi Beltza aldizkariaren itxierak ere gogoan izan dituzte.
Gustura azaldu dira urteotan egin duten lanagatik. "Urratutako eskubideen alde agertu gara". Beste auzi batzuk ere zabalik daudela diote, eta horiek salatzen lanean segituko dutela.
egunkaria auzia
'Egunkaria'-ren aldeko Espainiako Estatuko taldeek diote epaiak gaizki utzi dituela Del Olmo epailea eta Guardia Zibila
Zaragoza, Valladolid, Asturias, Katalunia eta Madrilgo plataformek kalte-ordainak eta "legedia modu ilegalean aplikatu zutenen erantzukizuna" eskatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu