'Egunkaria'-ren itxiera

'Egunkaria'-ren aurkako badaezpadako neurriak beste sei hilabetez luzatzeko eskatu du fiskalak

Abuztuaren 10ean bukatzen da 'Egunkaria'-ren aurka Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileak agindutako sei hilabeteko badaezpadako itxiera eta jardunen etetea. Badaezpadako neurri horiek luzatu edo ez erabakitzeko, bista egin da gaur eguerdian Madrilen, Auzitegi Nazionalean. Itxiera eta jardunen etetea indarrean mantentzeko eskatu du fiskalak; 'Egunkaria'-ren abokatu Jose Mari Elosuak, ordea, horretarako arrazorik ez dagoela argudiatu du.

2003ko uztailaren 15a
15:58
Entzun
Elosuaren arabera, 'Egunkaria'-k indefentsio nabarmena jasan du bere kontrako kausan, eta horrez, gain, Juan del Olmo epaileak agindutako neurriek oinarrizko eskubideak urratzen dituzte: hala nola, prentsa askatasuna eta enpresa askatasuna.

Baina, horrez gain, 'Egunkaria'-ren jardunetan deliturik balego ere, gaur egungo egoeran haiek ezinezkoak direla argudiatu du, eta, beraz, itxiera eta etete aginduak zentzugabeak direla. Izan ere, enpresa "hilda" dagoela azaldu du Elosuak, hau da, langilerik ez duela eta enpresa desegiteko neurriak hartu direla.

Elosua abokatuak bezalaxe, 'Egunkaria'-ren ordezkari legalak badaezpadako neurriak bertan behera uzteko eskatu du. Gaurko bistan auzian zerikusia duten aldeei entzun ondoren, uztailaren 18a baino lehen jakinaraziko du Del Olmok badaezpadako itxierari eta jardunen eteteari eusten dion edo ez.

Horrez gain, Egunkaria Sortzenen eta Egunkaria S.A.ren ondasun guztiak bahitu dituela jakinarazi die gaur Del Olmo epaileak Juan Mari Torrealdai Administrazio Kontseiluko lehendakariari, Txema Auzmendi idazkariari eta Enekoitz Etxeberria Egunkaria S.A.ko ordezkari legalari. Halaber, Egunkaria Sortzeneko ondasunen gordetzaile Torrealdai eta Auzmendi izedatu ditu, eta Etxeberria, ostera, Egunkaria S.A.k ondasunena.

Torrealdaik eta Auzmendik, gainera, proba kaligrafikoa egin dute gaur Auzitegi Nazionalean 'Egunkaria' kasuko beste lau auzipetuk bezala. Iñaki Uria Kontseilari ordezkaria, Pello Zubiria aurreneko zuzendaria, Martxelo Otamendi zuzendaria eta Xabier Oleaga zuzendariorde izana dira proba kaligrafikoa egin behar izan duten beste lau auzipetuak.

Kalez jantzitako guardia zibil batek testu bat diktatu die auzipetuei, lehendabizi letra txikiz eta gero maiuskulaz idatzi behar izan dute. Azkenik, bina batuketa eta bina kenketa egin behar izan dituzte. Gaur proba kaligrafikoa egin duten sei auzipetuetako bi, Iñaki Uria eta Xabier Oleaga espetxean daude, eta Auzitegi Nazionalera eraman dituzte azterketa egiteko. Xabier Alegria da 'Egunkaria' kasuagatik oraindik espetxean daudenen artean hirugarrena, baina hari ez diote proba kaligrafikorik eskatu.

Egunkaria kasuko sei auzipetu proba kaligrafikoa egitera deitu ditu Del Olmo epaileak: Juan Mari Torrealdai 'Egunkaria'-ko Administrazio Kontseiluko lehendakaria, Iñaki Uria Kontseilari ordezkaria, Txema Auzmendi idazkaria, Pello Zubiria aurreneko zuzendaria, Martxelo Otamendi zuzendaria eta Xabier Oleaga zuzendariorde izana.

Goizeko 11:30etan sartu da Torrealdai proba egitera, eta ia hiru ordu laurden eman ditu barruan. Azterketa banaka eginez gero asko luzatuko zela eta, elkarrekin egitea eskatu dute beste auzipetuek. Hala, Txema Auzmendi, Pello Zubiria eta Martxelo Otamendi elkarrekin sartu dira. 12:30etan sartu eta ordubatak inguru arte egon dira proba egiten. Handik pixka batera, Iñaki Uria eta Xabier Oleaga sartu dituzte proba egitera; hau da, 'Egunkaria'-ren auziagatik oraindik espetxean dauden hiru lagunetatik bi. Sartu diren unean haiek agurtzeko aukera txiki bat izan dute gainerako auzipetuek. Uria eta Oleagak ordubietan amaitu dute proba kaligrafikoa.

Lau ariketa egin behar izan dituzte auzipetuek proba kaligrafikoan: lehendabizi, kaleko jantziak zeramatzan guardia zibil batek testu bat diktatu die eta letra txikitan idatzi behar izan dute. Horren ondoren, maiuskuletan idatzi behar izan dute testu bera. Azkenik, bi batuketa eta bi kenketa egin behar izan dituzte.

Proba kaligrafikoa amaitzen denean, 'Egunkaria'-ren itxiera luzatu edo ez erabakitzeko bista egingo da Auzitegi Nazionalean. Del Olmo epaileak se hilabeterako 'Egunkaria' ixtea eta haren jarduerak etetea erabaki zuen, baina abuztuaren 10ean amaitzen da epe hori. Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendi dira bistara sartzekoak. Orain, fiskalaren eta parteen argudioak entzun behar ditu ixtea luzatu edo ez erabakitzeko. 'Egunkaria'-ren ordezkari legalak itxiera bertan behera uzteko eskatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.