egunkaRIA AUZIA

'Egunkaria'-ren epaiketaren aurkako manifestazioa deitu dute auzipetuek abenduaren 19rako

Bilbon izango da, 'Egunkaria libre!' lelopean. Ekimena "erraldoia" izatea nahi dute, gaur Kursaaleko jaialdian azpimarratu dutenez. 2003an bezala "gaur egun ere ‘aski da!’ esan beharrean gaude", adierazi du Joan Mari Torrealdaik auzipetuen izenean.

2009ko azaroaren 28a
21:05
Entzun
Egunkaria-ren epaiketaren aurkako eta auzipetuen aldeko manifestazioa izango da abenduaren 19an (larunbata), Bilbon. Auzipetuek egin dute manifestazioaren deia, gaur, Donostian Kursaalean egindako musika jaialdi handian.

Kazetaren itxierari buruzko auziko epaiketa hasi eta lau egunera izango da, beraz, Bilboko ekimena. Aste honetan jakin denez, abenduaren 15ean hasiko dira Espainiako Auzitegi Nazionalean saioak, hurrengo egunean segituko dute, eta gero urtarrilera arte, etena.

“Abenduaren 19an Euskal Herriko hiribururik handieneko kale zabaletan manifestazio erraldoia abiarazi nahi dugu, Egunkaria libre! goiburuaren atzean”, jakinarazi du Joan Mari Torrealdaik gaur Kursaalean, auzipetuen izenean egindako hitzaldian. Ia bi mila lagun zituen aurrean; leporaino zegoen aretoa.

2003ko otsailaren 22ko manifestazio erraldoi hura ekarri du gogora. “Gure begi ninietan denok gordeta daukagu orduan Donostian inprobisatu zen manifestazio erraldoia Egunkaria-ren itxiera salatzeko. Euskal jendartea aztoratu egin zuen Euskaldunon Egunkaria modu hartan itxi izanak, baina aurretik ere beste hainbat bidegabekerirekin edalontzia beteta zegoen. Egunkaria-renarekin gainezka egin zuen, eta euskal jendeak ‘nahikoa da, aski da!’, esan zuen. Gaur egun ere ‘aski da!’ esan beharrean gaude. Edalontzia gainezka dago. Errekuperatu dezagun orduko oroitzapen hura eta atera dezagun berriro kalera”.

Auzipetuak errugabeak direla berretsi du Torrealdaik, eta herritarrei eskatu die absoluzioa eskatzeko. “Justiziak, absoluzioaz gainera, erreparazioa exijitzen du, eta gure aurkako erasoaren arduradunak akusatuen aulkian jarri eta zigortzea. Baina nork erreparatuko digu guri, guri eta gure familiei, zazpi urte hauetako sofrikarioa?”, galdetu du.

Herritarrei laguntza eskatu diete, bidez batez, auzipetuek. “Lagun gaitzazue zentzugabekeria eta bidegabekeria hau salatzen. Euskara, euskal kultura, euskal komunikabideak bultzatzearren garamatzate tribunaletara, tesi polizial eta elkarte mendekati batzuen eskutik”. Epaiketako gastuak kubritzeko ere herritarren ekarpena beharko dela azpimarratu du Torrealdaik. “Lagunok, zuei esker badakigu ez gaudela bakarrik”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.