politika

'Egunkaria'-ren itxiera eta torturak salatu ditu Otamendi Parisko Asisetako Gorte Berezian

Plevingo lapurretaren auzian Argi Perurenaren defentsak lekuko gisa deklaratzera deitu duela baliatuz, 'Egunkaria'-ren itxiera eta Guardia Zibilaren operazio hartan atxilotuek jasan zituzten tratu txar eta torturak salatu ditu Martxelo Otamendi kazeta hartako zuzendari zenak eta BERRIAren zuzendariak. Eztabaida luzearen ondoren, gazteleraz deklaratu behar izan du Otamendik, euskaraz egitea galarazi baitio epaileak. 2003ko otsailaren 20an atxilotu zutenetik, Otamendik lehendabizikoz igaro ditu Espainiako Estatuaren mugak, Auzitegi Nazionalak deklaratzera joateko baimena eman baitio.

2005eko ekainaren 20a
18:56
Entzun
Plevingo lapurretagatik auzipetutako Argi Perurenaren defentsak eskatu du Otamendiren lekukotza, eta Euskal Herrian bizi den egoeraz mintzatu da 'Egunkaria'-ren zuzendari ohi eta BERRIAren zuzendaria. Zehazki, 'Egunkaria'-ren itxiera eta operazio hartan atxilotutako hamar lagunek jasandako tratu txarrak eta zenbaitzuei egindako torturak agertarazteko aukera izan du Otamendik.

Hiru ordu laurden inguru iraun du deklarazioak, eta epaileak behin baino gehiagotan eten du Otamendiren hitzaldia Perurenari buruz mintza zedila eskatzeko. Hala ere, Otamendik behin eta berriz erantzun dio azaltzen ari zen guztia Euskal Herrian bizi den egoera ulertzeko ezinbesteko zela.

Deklarazioa hasi aurretik eztabaida handia izan da epailearen eta Perurenaren defentsako abokatuaren artean. Izan ere, euskaraz deklaratu nahi zuela esan du Otamendik; epaileak, ordea, ukatu egin dio aukera hori eta gazteleraz deklaratzeko agindu dio eta hizkuntza horretatik itzuliko zutela frantsera. Berriro ere euskaraz deklaratzeko nahia adierazi du, eta eskubide horren defentsa egin du abokatuak. Azkenean, ordea, gazteleraz deklaratu behar izan du.

Baimena lehen aldiz

Nolanahi ere, 'Egunkaria' ixteko operazioaren 2003ko otsailaren 20an atxilotu zutenetik aurreneko aldiz igaro ditu Otamendik Espainiako Estatuaren mugak. Izan ere, eskubide hori galarazia du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmoren aginduz. Parisko Asisetako Gorte Berezian deklaratera joateko, ordea, baimena eman dio Del Olmok.

Atzo eguerditik, 12:00etatik, bihar guerdira artekoa da baimena, eta berriro Euskal Herrira iristean, etxetik gertuen duen epaitegira joan behar du sinatzera.

'Egunkaria auziko' inputatu guztiei, behin-behinean aske geratu ostean, Espainia uzteko debekua ezarri zien epaileak. Inputatuek bidaia bat egiteko baimena eskatu duten gehienetan, epaileak ukatu egin die; eta hiru kasutan ordaindu ezinezko bermeak ezarri izan dizkie. Joan Mari Torrealdairi eta Otamendiri 500.000na euroko bermea eskatu zien Del Olmok; Torrealdaik Parisera liburu azoka batera joateko eskatu zuen baimena eta Otamendik AEBetako hauteskundeetako informazioa bertatik jarraitzeko. Txema Auzmendik ere eskatu zion baimena Del Olmori, Hondurasera joateko, baina 100.000 euro eskatu zizkion berme moduan. Oraingoz Pello Zubiria izan da Del Olmoren baimena izan duen bakarra. Zubiriak Ipar Euskal Herrira joateko baimena eskatu zion epaileari, osasun arazoak direla-eta, hara joan behar izaten duelako medikutara.

Baimena "soil-soilik" auzitegira joateko

Otamendik jasotako autoan, epaileak baimenaren jakinarazpena Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari emateko agintzen du. Halaber, baimena ematen badu "soil-soilik" auzitegira joateko dela argitzen du epaileak bere autoan, eta hori birritan azpimarratzen du.

Baimena Otamendik berak eskatu zion epaileari, Parisko Dei Auzitegiak bidalitako zitazioa aurkeztuta. Autoak dioenez, Espainiako Auzitegi Nazionala hori baieztatzen saiatu zen atzo eta herenegun telefono bidez, baina ez dute haiekin hitz egitea lortu. Hala ere, baimena ematen dio asteartean itzultzeko baldintzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.