Giza Eskubideak

'Egunkaria'-ren itxiera "oso neurri larria" dela esan du Khan AIko idazkari nagusiak

Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordean agerraldia egin du Irene Khan AI Amnesty International erakundeko idazkari nagusiak. Giza eskubide guztiak bermatzeko premia azpimarratu du Khanek, eta, ildo horretatik, kezkatuta agertu da Espainiako Estatuan egiten diren tortura salaketekin: atxilotuen inkomunikazio aldia bertan behera uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuari. 'Egunkaria'-ren itxiera ere aipatu du, eta "oso neurri larria" dela eta adierazpen askatasuna urra dezakeela adierazi du.

2004ko ekainaren 8a
19:45
Entzun
Pertsona guztien giza eskubideak bermatzeko premia izan da Khanen agerraldiaren ardatza, eta bide horretatik, ETAren indarkeria gaitzetsi du, eta ohartarazi dubotere publikoek —Espainiako Gobernuak zein Jaurlaritzak— "gehiegikeriak" egin ditzaketela.

Hain justu, bereziki arduratuta agertu da Espainiako Estatuan urtero jasotzen diren tortura salaketekin. Khanek esan du ez duela uste tortura Espainian sistematikoa denik, baina arazoak "Gobernuak kontuan hartzeko adinako larritasuna" duela nabarmendu du. Hori dela eta, Madrilgo Gobernuari galdegin dio atxilotuen inkomunikazio aldia bertan behera utz dezala, AIren iduriko praktika horrek torturak eta tratu txarrak errazten baititu. Era berean, beste neurri batzuk ere proposatu ditu torturak eragozteko: besteak beste, galdeketak bideoz jasotzea, ikerketa judizialak bizkortzea zein poliziei giza eskubideen arloko formazioa ematea.

'Egunkaria'-ren itxierarekin kezkatuta

Torturez gain, Euskal Herrian jazoriko gertakari zehatz batzuk ere aipatu ditu, hala nola, 'Egunkaria'-ren itxiera eta Batasunaren ilegalizazioa. 'Egunkaria'-ren itxierari dagokionez, "oso neurri larria" dela esan du eta gertakari horrekin kezkatuta dagoela. "Oso neurri larria iruditzen zaigu, Zimbawen edo Errusian gertatzen direnen parekoa", azpimarratu du. Egoeraren jarraipena egiteko konpromisoa hartu du.

Batasunaren ilegalizazioaren inguruan "gai zaila" dela agertu du Khanek: "Alde batetik, ritziak askatasunez adierazteko pertsonen eskubidea dago, eta, bestetik, alderdi politikoek ETArekin izan dezaketen loturei buruz Espainiako Gobernuak duen jarrera", esan du. Lotura hori dagoenetz ikertzen ari direla jakinarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.