Egunkaria auzia

'Egunkariaren alde' elkartea sortu da "gezur handia desmuntatzeko"

Atzo bete ziren bi urte Guardia Zibilak Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmoren aginduz 'Euskaldunon Egunkaria' kazeta itxi zutela. Orduan, hamar lagun atxilotu zituzten, eta haietako bostek inkomunikazio garaian Guardia Zibilak torturatu egin zituela salatu zuten. 'Egunkaria auzian' 17 lagun daude inputatuta, eta horietako zazpi auzipetuta. Inputatu eta auzipetuek 'Egunkariaren alde kultur elkartea' sortu dute, "gezur handi bat eraisteko eta euskal kultura sustatzeko".

2005eko otsailaren 21a
10:04
Entzun
Egunkariaren alde kultur elkarteak "Euskal kulturaren inguruan osatu duten gezur handia eraitsi" nahi du, Joan Mari Torrealdaik azaldu zuen bezala. Izan ere, atzo bete ziren bi urte Guardia Zibilak Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmoren aginduz 'Euskaldunon Egunkaria' kazeta itxi eta 10 lagun atxilotu zituela, eta Martin ugalde kultur parkean ekitaldia egin zuten.

Bi urte bete direnean, 'Egunkariaren alde kultur elkartea'sortu dute 'Egunkaria auzian' auzipetuta eta inputatuta dauden 17 lagunek. Elkarte horrek bi helburu izango ditu: "Euskal kulturaren inguruan osatu duten gezur handia" eraistea bata, eta euskal kultura sustatzea bestea. Europara 'Egunkaria auzia'-ren berri zabaltzea ere garrantzitsua dela iritzi diote, eta horretan saioa ere egingo dute. Gainera, epaiketa prestatzen ere arituko dira.

Elkarteak hiru bazkide mota izango dituela azaldu zuen Joan Mari Torreladaik: Ohorezko bazkideak, bazkide osoak, eta bazkide laguntzaileak. Bazkide osoak auzian inputatuak eta auzipetuak dira, eta bazkide laguntzailea, berriz, nahi duen oro izan daiteke. Honela azaldu zuen Joan Mari Torrealdaik: "Azken horien artean zaudete zuek, euskaltzaleok, adierazpen askatasunaren aldekook, askatasun demokratikoen aldekook... Guztien laguntza behar dugu, zuen ekarpen eta proposamenak, zuen dirulaguntzak... Denon artean, Europaren aurrean agerian utzi behar dugu inkisizio hau, sorgin ehiza hau, eta euskal kulturaren izen ona defendatu egin behar dugu".

Bazkide horiekin harremanetan jartzeko, webgunea osatu dute: www.egunkaria.info . Bertan dago elkarteari buruzko informazio guztia.

Larunbateko manifestaziorako deia

Iñaki Uriak ere hartu zuen hitza Martin Ugalde kultur parkean izan zen ekitaldian. "Auzipetuan defentsa eskubidea etengabe urratua dela" salatu zuen Uriak. Hori "egunero frogatzen" ari dela azpimarratu duen, gainera. Horregatik, 'Egunkaria auziko' inputatu eta auzipetuen izenean elkartasuna azaldu zien "epaitzen ari diren gazteei eta arian arian etorriko diren sumarioetakoei".

Beraz, '18/98+...' taldeak datorren larunbaterako Bilbon deitu duen manifestazioa deiarekin bat egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.