Euskal Herriko eguraldia “aldakorra” izango da datozen egunetan. Hala jakinarazi du Euskalmetek ,baita Aemetek ere. Ordea, epe laburrean, argitu dute elur mailak gora egingo duela. Egunaren amaieran 400-600 metrora ere igoko da.
Bihar gaur baino prezipitazio gehiago egongo direla azaldu dute. Elur mailak gora egingo du egunak aurrera egin ahala. Egun hasieran 400-800 metro inguruan egongo da, eta eguerdi partean 800-1.000 metrora igoko dela azaldu dute. Egun amaieran berriz jaitsiko da.
Igandean hotz handiagoa egingo du. Ordea, litekeena da prezipitazio gutxi egotea. Iragarpen hori ez da ziurra oraindik, eta aldagai txikiek alda dezaketela ohartarazi dute.
“Ezohiko” egoera dela hausnartu du Jose Antonio Arandak, Euskalmeteko iragarpenetako arduradunak. Egoera azaltzeko bi mailatan begiratzeko eskatu du, orokorra eta zehatza. Hego hemisferioaren egoera egonkorra dela azaldu du: batetik, Kanada gainean aire hotz masa handi bat dago, eta bertatik askatzen diren zatiak Europara heltzen dira, Atlantikoaren iparraldetik; bestetik, Europako iparraldetik eta Errusiatik jaisten den haize hotza dago, Iberiar penintsulan sartzen dena.
Euskal Herrira mugatuz gero, egoera globala baldintzatzen duten aldagaiek eguraldi aldakorra eragiten ari dira. “Une batean depresio txiki bat sortzen bada, iparraldetik datorrena desbidera dezake”. Hori dela eta, igandeko iragarpena ere ez da ziurra. “Litekeena da iparraldetik datorren aire fluxua Asturias eta Galiziara mugitzea, eta guri hegoaldetik heltzea, prezipitaziorik gabe”.
Euskalmet eta Aemeteko ordezkariek azaldu dute ezin dela iragarpen argirik egin, astelehenetik aurrera. Edonola ere, egoera orokorra mantenduko dela uste dute, eta, ondorioz, hotza eta prezipitazioak manten daitezke.