Azken orduetako ekaitzak arazoak sortzen ari da errepideetan, orain arteko larrienak Gipuzkoan, bi gidari zauritu baitira Donostian eta Idiazabalen gertatutako bi istriputan.
08:10 aldera kamioi batek artaziarena egin du N-1 errepidean, Etxegarateko mendatean, Idiazabal parean. Ondorioz, gidaria zauritu da, eta Zumarragako erietxera eraman behar izan dute. Donostia aldera gertatu da ezbeharra, eta noranzko horretako bideetako bat trabatuta geratu da guztiz. Hala ere, ez da auto ilara handirik sortu. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak azpimarratu du euriak eta haizeak eragina izan dutela istripuan.
Halaber, A-8 autopistan Donostia parean gertatu den istripuan ere ekaitzak zerikusia izan duela iritzi dio Herrizaingo Sailak. Ezbehar horretan auto bat bidetik atera da eta mendi mazelara erori. Gidaria auto barruan harrapatuta geratu da, eta suhiltzaileek atera behar izan dute. Donostia Ospitalera eraman dute zaurituta.
Alerta Ipar Euskal Herrian
Oro har, arreta handiz gidatzeko aholkatu dute trafiko arduradunek, ekaitza trabak sortzen ari baita errepideetan. Gipuzkoan, adibidez, suhiltzaileek irteera bat baino gehiago egin behar izan dute errepideetara amildutako zuhaitz eta adarrak kentzeko eta putzuak garbitzeko. Lapurdin ere zuhaitzak bota ditu bart haizeak,Urruñan, Hendaian, Baionan, Angelun eta Miarritzen. Ipar Euskal Herrian ekaitzagatik alerta ezarri dute Pirinio Atlantikoetako agintariek, eta orduko 100 kilometroko abiadura iritsi dute haize boladek. Itsas ertzean ez ibiltzeko aholkatu dute agintariek. Hala ere, uste baino lasaiago doa goiza.
Nafarroan arreta berezia N-121-A errepidean
Nafarroa iparraldean ere arazo handiak sortu ditu ekaitzak. Nafarroako Gobernuak agertu duenez, N-121-A errepidean sortu dira arazo gehien, batik bat, Doneztebetik iparralderako zatian. Hain justu, bi putzu handi hustutzeko lanetan dabiltza Nafarroako Garraio eta Herri Lan kontseilaritzako langileak, Igantzi eta Lesaka parean. Arreta handiz gidatzeko aholkatu dute.
Ekaitza
Eguraldi txarra arazoak eragiten ari da errepideetan
Bi gidari zauritu dira Donostian eta Idiazabalen gertatu diren bi istriputan. Kontu handiz gidatzeko aholkatu dute trafiko arduradunek. Gipuzkoan, Lapurdin eta Nafarroan adarrak eta zuhaitzak bota ditu haizeak, eta putzu handiak sortu dira zenbait lekutan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu