Arratsaldeko ekaitzak
Eguna langarrarekin hasi zen atzo toki askotan. Orduek aurrera egin ahala, zaparradatxo batzuk egin zituen tarteka han-hemenka, baina arratsaldean etorri zen benetako ekaitza toki gehienetara. Donostian, esaterako, arratseko euri jasak arazoak sortu zituen hainbat tokitan: hiribururako sarrera gehienetan errepidea putzu bihurtu zen; kaleko estoldak ura xurgatu ezinik ziren Gros auzoan; etxepeak urez bete ziren Loiolan... Donostian bezala, arratsaldean lehertu zen Gipuzkoa gainean ilun-ilun ageri zen zerua, trumoi hotsez eta tximista argiz. Euri tantak mardul-mardul erori ziren orduan lurralde osoan, goizeko zirimiria erraz gaindituz. Tenperatura nabarmen jaitsi zen herrialdeko bazter guztietan.
Gauza bera gertatu zen Araban. Euri jasak ez zuen hiriburuan arazo berezirik sortu, baina eguraldia asko freskatu zuen lurralde osoan. Tanta gutxi batzuek busti zituzten Gasteizko kaleak atzo goizaldean. Azkar bukatu zen zeruaren emaria, ostera. Aspaldiko partez, haatik, euriak ia herrialde osoa busti zuen arratsaldean. Udako ekaitzek izaten duten osagai guztiekin, gainera: zeru beltzak, trumoiak eta tximistak. Hala hedatu zen euria Arabako Errioxatik Gasteizeraino, eta Aiaralde, Lautada, Legutio eta Zuiaraino ondoren, nekazarien mesederako. Ordu erdiko zaparrada gogorrak izan ziren, batez ere, aldiro-aldiro erortzen hasi zirenak. Hiriburuan 17:20ak pasata hasi zen euria barra-barra botatzen. Herrialde osoan hodei beltzak bere horretan ziren hitz hauek idazterakoan, eta gauean zaparrada gehiagoren zain ziren hiriburuan bertan, Guardian, Agurainen, Laudion...
Bizkaian, bestetik, euri langarra izan zen nagusi goiz eta arratsaldean, baina 18:15ean bizi-bizi hasi zuen hainbat tokitan. Bilbon bertan, Mari Jaia euripean heldu zen festen hasierara. Ordu laurden bat lehenago hasi zen euria Durangaldean.
Nafarroan ere, arratsaldea arte ez ziren hasi ekaitz nagusiak. 18:30 inguru ziren Iruñerrian, Sakanan eta mendialdean euria gogotik hasi zuenean. Ostiral gauean ere euria egin zuen herrialdeko hainbat lekutan: Iruñerrian bertan, herenegungo 22:20an bost minutuko zaparrada egin zuen, tximista eta guzti. Langarra egin zuen ondoren. Atzo arratsalde osoan, trumoiak eta haize indartsua zeuden, zaparradak hasi ziren arte. Leitzan, berriz, ostiraleko 23:30ean-edo hasi zuen euria, eta atzo egun osoan zehar zaparrada fuerte samarrak izan ziren zonaldean, bost-hamar minutukoak, eta arratsaldean lehertu zen ekaitza. Beran, bestetik, atzo goizetik euri tantak erori baziren ere, benetako zaparradarik ez zen izan arratsaldekoak etorri arte. Sakanan ere, bai-ez egon zen zerua ekaitza hasi artean.>
Zuberoa ere, euripean
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ekaitza zegoen iragarrita ostiral gauetik gaurgaueraino. Zuberoan bete egin dira iragarpenok, ostiral iluntzean hasi baitzuen euria. Atzo goizetik izan ziren zaparradak herrialdean. Alta, goiz amaiera arte ez zen hasi ekaitzaldi indartsuena, eta hainbat orduz iraun zuen, gainera: ia 17:00ak arte .
Lapurdin eta Nafarroa Beherean, ordea, euri guti egin zuen hitz hauek idatzi artean. Ostiral gauean zenbait uhar egin zituen Lapurdin, eskualdeka indartsuak izan zirelarik uneka. Atzokoan, berriz, lehertzear zirudien ekaitzak, arratsalderako zerua goibel ageri baitzen, aldirokotximistekin eta trumoiekin. 17:25ean euria hasi zuen Baionan, baina hamar minutura atertu egin zuen. Eguraldiak heze jarraitu zuen, eta tenperaturen jaitsiera nabarmenik gabe.