Bartzelonan eta Madrilen bezala, Hego Euskal Herriko hiriburu zein herrietan ohi baino eskasagoa da airearen kalitatea azken egunetan. Hala, kutsadura atmosferikoa agerikoagoa da azken egunetan. Hala salatu du Ekologistak Martxan-ek. Castejon ingurua, Arabako Lautada, Urola Garaia, Oria Garaia eta Bilboaldea dira gunerik kaltetuenak. «Asteburuan eguraldiak okerrera egingo du, eta kutsadura atmosferiko hori ez da hain agerikoa izango. Baina kutsadurak hor jarraituko du», nabarmendu du Margarita Martinek, EAEko Aemeteko arduradunak.
Martinek argi utzi nahi izan du antizikloia ez dela izan egoera honen sortzailea. «Egin duen bakarra ageriago uztea da. Izan ere, antizikloiak euri eta haize falta eta iraultze termikoa ekarri ditu, besteen artean. Hala, zorua ukitzen duen aire masak ez du horren gora egiten. Zailtasun handiagoa du horretarako. Beraz, kutsadura atmosferikoa beherago geratu da: zorutik 300 metro ingurura. Hala, kutsadura atmosferikoaren pilaketa handiagoaizan da, eta agerikoagoa».
Nitrogeno dioxido mailak izandako igoerak eragin ditu, batez ere, azken egunetako arazoak. «Nitrogeno oxidoak gutxitu egiten du gizakiok infekzioei aurre egiteko dugun ahalmena. Beraz, substantzia horren maila zenbat eta altuagoa izan, erresistentzia txikiagoa izango da», esan du Ekologistak Martxan-ek. Bi dira, batez ere, nitrogeno oxidoa airean egotearen errudunak: hirigintza eta zirkulazioa. Hirigintzaren kasuan, oso eraikin altuek zaildu egiten dute substantzia kutsagarriak sakabanatzea.
PM10 partikulen maila altuak ere sortu ditu arazoak. Gehienez hamar mikrako diametroa dute. Partikula horiek zirkulazioari daude lotuta, baina baita industria jarduerari eta obrei ere. Gaur egun txikienak ere neurtzen dira.«Txikienak dira biriketara errazen sartzen direnak eta arnasa hartzeko arazoak eragiten dituztenak».
Egunotako egoera
Nafarroan Arguedasko, Funesko eta Tuterako estazioetan bildu dituzte azken egunetan partikula horien maila altuenak. «Castejongo zentral termikotik gertu dauden estazioak dira, eta horrek are ageriago uzten du ezinbestekoa dela zentral hori ixtea. Baina Nafarroako Gobernuak guztiz kontrakoa egingo du», salatu du Ekologistak Martxan-ek. Iruñean ere nitrogeno dioxido maila legeak baimendutakoa baino altuagoa izan zen.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, ondorengo eskualdeetan izan dira arazo handienak: Arabako Lautadan, Urola Garaian, Oria Garaian eta Bilboaldean. Egunik okerrena asteartea izan zen. Egun horretan, adibidez, Urola Garaiko airearen kalitatea oso txarra izan zen; Oria Garaikoa, txarra; eta Behe Nerbioikoa, Donostialdekoa, Debagoienekoa eta Arabako Lautadakoa, maila ertainekoa. Gainontzeko eskualdeetan airearen kalitatea onargarria izan zen.
Hartu beharreko neurriak
Azken egunetan asko izan dira egoera horri aurre egiteko proposatu diren neurriak. Zirkulazioa izanik kutsadura eragile nagusietakoa, autoei hiriburuetara sartzeko aukera mugatzea edota hiri barruko gutxieneko abiadura gutxitzea proposatu dute hainbat adituk.
Margarita Martinek egoki ikusten du hori, baina hartu beharreko neurriak askoz sakonagoak direla uste du. «Halako neurri txikiekin ez da ezer konpontzen. Egoerak egiturazko neurriak eskatzen ditu. Bestela, alferrik izango da. Xedeak ez du izan behar gutxiago kutsatzea, baizik eta ez kutsatzea. Jendeak argi izan behar du hori».
Izan ere, haren ustez, azken hamarkadetan izan diren aldaketek eragin dute egoera neurri handi batean. Hori frogatzeko, adibide argigarri bat jarri du. «Zerbitzu eta botere gune gehienak hiri eta herri handietan bildu dira, baina leku horietan etxebizitzen prezioak nabarmen egin du gora. Beraz, jendeak herri txikietara joan behar izan du. Herri horietan bizi diren askok, ezinbestean, autoa hartu behar dute. Izan ere, garraio publiko eskasa dute. Horrek hiri handien inguruan kutsadura nabarmen igotzea eragin du».
Ekologistak Martxan-ek ere neurriak eskatu ditu. Haren arabera, «premiazkoa eta ezinbestekoa da» erregai fosilak erretzerakoan sortzen diren isuriak murriztea. «Horretarako, Castejongo zentral termikoa gisakoak ixteaz gain, ezinbestekoa da errauste plantarik ez eraikitzea hiri hondakinak kudeatzeko. Gainera, garraio publikoaren aldeko apustu garbia bat eskatzen dugu». Ez dute, ordea, erakundeen aldetik horretarako konpromisorik ikusten, eta kezkaturik daude.
Eguraldiak agerian utzi du airearen kalitate eskasa hainbat lekutan
Egunotan atmosferaren kutsadura legezkoa baino altuagoa izan dela salatu du Ekologistak Martxan-ek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu