Pasa den asteburuan bezala, eguraldi hotza eragin zuzenean ari da izaten gaur ere Euskal Herriko errepideetan. Bilbon goizero sortzen diren ohiko auto ilarez gain, Gipuzkoan ari da izaten batez ere nahasi egoera. Goizean zehar hiru istripu izan dira Donostian, Lasarten eta Tolosan, eta Donostiako sahiesbidean eta N-1 autobidean auto ilara luzeak sortu dira.
08:00etan gertatu da ezbeharra Donostiako sahiesbidean. Pasaia parean kamioi batek bobina galdu du, eta errepidearen hiru bideetatik bi itxi behar izan dituzte. Tolosan ere paleak zeramatza kamioi batek karga galdu du. Lasarten lau autoren artekoa izan da istripua, eta Pasaiko kasuan bezala, 5 kilometroko auto ilarak sortu dira.
Hotzak eragindako alerta egoerak jarraitu egingo du gaur ere. Goizean 700 metrora elurra egingo duela iragarri du Euskalmetek, eta arratsaldean 300era jaitsiko dela. Iparraldeko haizea iragarri dute, gainera, eta Gasteizen eta Iruñean -1 eta 3 gradu bitarteko tenperatura izango dela esan dute.
Arabako Aldundiak lurralde horretan erne gidatzeko eskatu du, batez ere, N-1 errepidean eta Gasteiz eta Bilbo lotzen dituen errepidean, N-622an. Araban 40 pertsona daude eragozpenik ez izateko lanean, eta prest daude elurra kentzeko hamasei makina. Arratsalderako izotza espero dela aurreratu du Aldundiak.
Eusko Jaurlaritzaren Barne sailak Altube, Azazeta, Opakua, Barazar, Barrenilla, Bikotzgane, Dima, Kanpazar eta Urrakin elurra ari duela esan du, eta tentuz gidatzeko eskatu du horrek ere.
GIZARTEA
Eguraldiak hainbat eragozpen sortu ditu goizean errepideetan
Pasaian, Lasarten eta Tolosan ezbehar bana izan dira, eta auto ilarak sortu dira. Gasteizen eta Iruñean -1 eta 3 gradu bitarteko tenperatura iragarri dute gaurko, eta Arabako Aldundiak izotz arriskuaz ohartarazi du arratsalderako. Zenbait mendatetan, elurra ari duela eta, tentuz gidatzeko eskatu dute. Elurra gaur 300 metrora jaitsiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu