Hauteskunde aliantza berriari buruzko negoziazioa honako epe hauekin uztartu beharko da:
•Aralarren barne egutegia. Aralarrek irailaren 17an egingo du V. Kongresua, eta alderdikideek bertan onetsi beharko dute hauteskundeetara aurkezteko formula. Ordurako, beraz, proposamena landuta egon beharko da. Hamabost egun lehenago, irailaren 3an, Aralarrek Hegoaldeko Batzarra egingo du, eta zuzendaritzak proposamen zehatzen bat eraman beharko du.
•Hauteskunde deialdia. Espainiako gobernuburuarena da hauteskundeetara deitzeko eskumena. Zapaterok iragarri bezala, hauteskundeak azaroaren 20an badira, hauteskunde deialdiaren dekretua irailaren 26an onartu beharko du, 27an argitara dadin. Argitaratze egunak markatzen du hauteskunde egutegia. Zortzi eta bederatzi egun baino lehen, hauteskundeetan aurkeztu nahi duten alderdi, koalizio eta hautesle elkarteek beren ordezkari orokorrak izendatu beharko dituzte hauteskunde batzordean. Halaber, urriaren 12tik 17ra bitartean hauteskunde zerrendak aurkeztu beharko dituzte. Zerrendak aldarrikatu ondoren irekitzen da inpugnatzeko epea. Inpugnaziorik badago, auzitegiek hauteskunde kanpaina hasterako ebatzi beharko dute, baina kanpainan ere aukera dago zerrendaren bat inpugnatzeko.
•Sorturen kasua. Datozen hauteskundeetan parte hartzeko (zerrendak aurkeztuz edo koalizio bat osatuz), Auzitegi Konstituzionalak Sorturen alde ebatzi beharko luke urriaren hasierarako. Auzitegiak garaiz ebazteko denbora badu, baina gutxi, irailaren hasieran jasoko baititu Fiskaltzaren eta Estatuaren abokatuaren alegazioak.
Egutegiaren mugarri nagusiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu