Talde ekologistak Gasteizko PPren egoitza aurrean 19:30ean kontzentrazioa egingo du, Espainiako Gobernuaren “joko makabro berria” salatzeko; EH Bilduk, kontzentrazioarekin bat egin, eta zentrala “eraisten hasteko beharra” azpimarratu du.
PPren gobernuak zentral nuklearraren ustiapena etetea hitzartu zuen joan den astean, baina jakinarazi zuen etorkizunean erabaki horrek atzera buelta izan dezakeela. “Urte bateko epea eman du, beste eskaera bat egin eta zentrala ustiatzen jarraitzeko baimena berrikusteko”, dio Eguzkik.
Espainiako Gobernuak etorkizunean Garoñaren itxiera berrikusi nahi izatea kritikatu du talde ekologistak, eta “joko makabro berri hori” alde batera uzteko eskaria egin dio: “Zentrala ez da ziurra, zaharkitua eta herriaren borondatearen kontrakoa da”.
Arabako EH Bildu bat dator Eguzkirekin. Haren ustez, “PPk ate bat zabalik utzi nahi du etorkizunean, ingeniaritza juridikoa erabiliz, jarduera berriro hasteko”. Zentrala eraistea “itxiera behin betikoa izateko berme bakarra” dela dio, eta, horregatik, “berehala” hasi behar dela eraispen lanekin.
EH Bilduk deia egin dio gizarteari, “atsedenaldirik” ez hartzeko eta “eraisteko” exijitzeko, Garoñaren jarduera “kalean egindako presioarengatik” eten dela uste baitu.