EH Baik berretsi du Euskal Herriaren hitza Parisera eramateko borondatea

Hauek izan dira ardatz nagusiak: berezko instituzioa, ezkerreko balioen defentsa eta gatazkaren konponbidea

EH Bai koalizioak atzo Ezpeletan egin zuen hauteskunde kanpainako ekitaldia. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Ezpeleta
2012ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Euskal Herriaren geroa bermatu ahal izateko abertzaleen borroka funtsezkoa dela azpimarratu du EH Baik, eta, horretarako, euskal herritarren hitza Parisera eramateko borondate irmoa berretsi du. Ehunka pertsona bildu ziren atzo Ezpeletan (Lapurdi) EH Baik Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetara begira egin ekitaldi politikoan.

Hainbat abertzale belaunaldik parte hartu zuten Ezpeletako ekitaldian. Horien adibide, Christiane Etxaluz eta Aurore Martin. Etxaluzek abertzale mugimenduaren lehen urratsak aipatu zituen. Garai haietan, alderdirik ez zegoenez, abertzaletasuna antzerkiaren eta kantaldien bidez zabaltzen zen. Alta, mugimendu abertzaleak zatiketa sakonak izan ditu historian. Etxaluzek nabarmendu zuen abertzaleek bat egin behar dutela herri gisa ihardetsi ahal izateko. Euskal Herriaren eskubideak aldarri, belaunaldien elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuen Martinek, arloz arlo. Borroka horretan eroritako militanteak eta presoak ekarri zituen gogora. Egiten ahal zaien omenaldirik onena garaipena dela aldarrikatu zuen. Gose greban dauden preso politikoen egoera salatu, eta elkartasun mezu bat bidali zien.

Protagonismoa herriarena dela nabarmendu zuten, eta han bildutakoei eskatu zien herriaren interesak lehenesteko, alderdien arteko zatiketak gaindituta.

Ipar Euskal Herrian mugimendu abertzaleak egin duen ibilbide historikoa gogora ekarri zuten, bideo baten bidez. Hor, hauteskunde kanpainetan zabaldu mezuak bildu zituzten. Gero, omenaldi xume bat eskaini zioten zendu berri den Eñaut Larralde abertzale eta kantari historikoari. «Betiko hor egonen haiz», erran zion, agur gisa, Anje Duhalde kantariak.

Hitza, Parisera

Krisialdi ekonomikoak mundua oro har eta bereziki Euskal Herria kalitzen duen garaian Euskal Herriaren hitza eta ezkertiarren mezua Pariseraino eraman behar dela erran zuen Laurence Hardouin EH Bairen bosgarren hautesbarrutiko hautagaiak. «Ez dugu onartzen ordaintzea inposatu nahi diguten zorra, ez delako gure zorra, banketxeek eta aberatsek eragindakoa baizik». PSren aurkako hitzak izan zituen, eta liberalismoak agindutako bidearekin bat egin duela erran. Gogoan izan zituen azken urteotan izandako eskubide zangopilatzeak eta gizarte lorpenen arloan izandako galerak. Diputatu bat lortuz gero, lan denbora 32 orenera jaistea eskatuko du EH Baik, eta erretreta adina 60 urtera ekartzea.

Anita Lopepe laugarren hautesbarrutiko hautagaiak berezko instituzio autonomo bat aldarrikatu zuen: «Parisen nork defendituko du abertzaleek baino hobe herri honi zor dioten tresna instituzionala?». Euskal Herrian dagoen garai politikoa gogora ekarri zuen, eta, Aieteko bake konferentzia aipatuta, nabarmendu zuen Frantziak ez duela erantzun, eta eskatu zion urratsak egiteko, bertzeak bertze presoak askatuz. Jon Anzaren kasuan ikerketa egiteko eskatu zuen.

«Abertzaleen xedea ez dira hauteskundeak bakarrik; egunero ari gara herri honen geroa bermatzeko lanean», esan zuen Peio Etxeberri-Aintzartek, seigarren hautesbarrutiko hautagaiak. Gogorarazi zuen mugimendu abertzalea bi zangorekin dabilela: abertzaletasunarekin eta ezkerreko nortasunarekin. Erran zuen EH Baik engaiamendua hartzen duela sistemak baztertzen dituen pertsonen boza izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.