Euskal Herria Bai koalizioak ez du Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetako bigarren itzulira begira boz kontsignarik eman, beretzat lehentasun diren gaiak aintzat hartuta inoren alde egitea "ezinezkoa" egiten zaiola argudiatuta.
Baionan emandako prentsaurrekoan zehaztu du bere baloreak eta programa ezkertiarra eta abertzalea direla kontuan harturik badakiela eskuina eta ezkerra bereizten. Eskuina eta euren artean "amildegi" bat dagoela esan du Peio Etxeberri-Aintzartek baina, hala eta guztiz ere, ez dute sozialisten alde bozkatzera deitu.
"Sozialistekin ezberdintasun anitz ditugu, eta Alderdi Sozialistaren posizioengatik haren alde bozka ematera deitzea ezinezkoa zaigu", adierazi du Anita Lopepek. Instituzioaren gaian edo gatazkaren konponketarenean PSk ere "ukazioan" jarraitzen duela deitoratu du Etxeberri-Aintzartek. Sozialistak AHTaren alde izatea ere eman du ezberdintasunak islatzeko adibide gisa.
Herenegun PSrekin bildu zen EH Bai, eta atzo Jean Lassalle laugarren barrutiko hautagai zentristarekin.
Bigarren itzulian lehiatuko diren hautagaiei galdetegia igorriko die EH Baik, eta eskatu die alderdiaren izenean erantzuteko, ez modu pertsonalean. Informazio hori publiko egingo du.
Ipar Euskal Herrian hirugarren indar gisa bukatu zuen igandean EH Baik, 11.500 botorekin. Batez ere, laugarren barrutian da erabakigarria, Iparraldeko eremuan botoen %13 pasa erdietsi zuelako. Abertzaleek egin aldarrikapenak Parisen entzunarazteko "giltza" daukatela esan du PSk.
Jean François Lefort Batasuneko kideak astelehenean zioen EH Bairen gai nagusiak Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionala, konponbide prozesua, euskararen ofizialtasuna eta eredu sozioekonomikoa direla, eta horiei buruz beste alderdiekin aritzeko prestasuna zutela.
Igandean izango da Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetako bigarren itzulia.