Peio Etxeberri Aintxart. EH Baiko bozeramailea

«EH Baik ez du hautua egiten ahal Matxikote eta Karrereren artean»

Uztaritzen gertatu dena deitoratu, eta euskararen alde egiteko estrategia bateratu baten beharra azpimarratu du Etxeberri Aintxartek. Gertatutakotik irakaspenak hartzeko aukera ikusten du.

jarraia157245.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2018ko irailaren 27a
15:05
Entzun

If Matxikote Uztaritzeko hautetsia Uztaritze Bai zerrendatik kanporatzeak ez du 2014an herriko etxeak euskara ofizial izendatu zueneko erreakziorik eragin. Euskal Konfederazioari iritzia eskatu dio BERRIAk, baina ez du erantzun; zuzendaritzaren hurrengo bilkuran aztertuko dute gaia. Mugimendu abertzaleak ere ez du hasieran erreakziorik plazaratu, baina Peio Etxeberri Aintxart (Baiona, 1973) EH Baiko bozeramaileak luze eta zabal erantzun die BERRIAren galderei.

Zer begirekin ikusi duzue Uztaritzen sortu den gatazka?

Egia da EH Bairekin ez garela baitezpada sartzen herri barneko gauza batean. Ez dut erranen ados naizela batekin edo bestearekin, ez dut uste hori denik gaia. Posible da dena aldatzea edo posible da kudeatzea. Bien artean oreka atxikitzea biziki zaila da. Hori da eztabaida. Horregatik, interesgarria da, hala ere, ez garelako anitzetan boterean herrietan, eta hor bagenuen halako laborategi bat —nahiz eta Karrerek ez duen sekula erran bere zerrenda abertzalea zela, beti hala kontsideratu dugu, eta horrela kontsideratua da iritzi publikoan ere—; laborategi bat ikusteko zer zen posible egitea, eta zer ez zen posible. Uztaritzeko kasuarekin ikusten dugu zein zaila den oposiziotik boterera pasatzea. Hori lehen gauza. Bigarrenik: hiruki bat da. Legea, gu gure proiektu politikoarekin eta herritarrak. Oreka ez da legeari begira egiten soilik. Lortu behar dugu legea aldaraztea edo gure legea egitea. Eta badira herritarrak. Legea ez duzu aldatuko herritarrak konbentzitzu gabe, baina herritarrak ez dituzu bereziki konbentzituko legea ez bada aitzinetik aldatu. Uztaritzen kausitu duguna hori da. Baina erran nezake ez dela bakarrik euskararen kasua.

Gure proiektu guzietan gauza bera da: etxebizitza, erraterako, anitzetan aipatzen dugu. Hor ere bada eztabaida bera: etxeak eskas dira? Posible da errekisizio bat egitea, ala ez? Legeak baimentzen du? Bai, kasu jakin batzuetan. Ez aski, ez ongi, aldatu beharko litzateke. Baina errekisizio bat egiten badugu zer erranen du jendeak: «bortitza da, kolektibismoa da!». Erosteko lehentasuna ematea? Agian, bai, onartuko dute. Eta, orduan, horrekin jokatzea biziki zaila da. Alta, bagenuke beharbada idealean helburu bat, eta prest ginateke joateko haraino legeak baimenduko balu, baina badakigu tresna hori erabiltzen badugu jendea gure bizkar izanen dugula. Horren ondorioz, gutxiago egin behar da. Baina gutxiago eginez, pixkanaka eramaten dugu... Horregatik —eta nahitara hartu dut euskararena ez den beste gai bat, biziki pasio sortzailea delako mugimendu abertzalean—, eta hor badugu adibide on bat: horrelako gai baten inguruan beti izanen da jarrera bat, eta, jarrera horrekin, batzuek leporatuko dizute erreformista izatea, eta beste batzuek erranen dizute talibana zarela. Orduan, biziki zaila da.

Badira hiru gai, nire ustez, abertzaleen artean sekulako zailtasunak sortzen dituztenak: euskara, presoak, eta Euskal Herriaren eraikuntza edo independentzia. Hiru gai horiekin ikus dezakegu azken urte hauetan zenbat kalapita izan diren abertzaleen artean. Gure nortasun politikoa oinarritzen baitute gai horiek.

Ez da euskararena bakarrik eztabaida sortzen duen gaia, eta zatiketak eragin dituzte urteetan gai horiek mugimendu abertzalean garairik garai. Baina presoen gaian eta Euskal Herriaren eraikuntzarako estrategian nolazpaiteko adostasun batera iritsi da gehiengo bat. Badirudi euskararen gaian oraindik ez dela aurkitu erdibiderik. Ez ote da deigarria Uztaritzeko aferari buruz EH Baik bere baitarik ez erantzun izana. Zergatik ez duzue erantzun?

Egia da, eta aitortzen dut, askoz ere errazagoa da komunikatzea zure garaipenen inguruan, adostasunen inguruan, arazorik sortzen ez duten gaien inguruan baino. Eta deserosoagoa da zatiketa sortzen duten gaien inguruan hitza hartzea.

Isiltasuna da bidea?

Isiltasuna ez da baitezpada bidea. Beharbada, bada koldarkeria zerbait afera horretan, beharbada. Uste dut euskararen inguruko afera horrek ere tapatzen duela beste afera bat. Anekdotikoa da, badakit galdera besterik dela, baina Karrerek ez du kanporatu If Matxikote euskararen afera horrengatik. If Matxikote kanporatu du, de facto oposizioan kokatu baita. Orain, aitzakiatzat hartu du euskararen inguruko hori —arrazoiarekin edo arrazoirik gabe, ez dakit—; baina, etengabe ezezkoa bozkatu du Uztaritze Bai-k herriko kontseiluan aurkezten zituen mozioetan—hirigintza planean, eta abarretan—. Nire ustez zilegitasun osoa du auzapez batek bere gehiengoko kide bat kanporatzeko sistematikoki ezetz bozkatzen badu gehiengoak proposatzen dituen gauzetan.

Eztabaidaren zati bat da hori, baina Karrereren eta Matxikoteren arteko tentsio euskararen gaitik heldu da. Orain dela urte bat eta erdi utzi zuen kontseilari ordezkari postua, ez zelako ez gustura, ez eroso; kontseiluan euskara hutsean hitza hartu zuen gertakari hori ere izan zen, eta Karrerek ez zuen defendatu... Halako afera bat ateratzen denean, zilegia ote da EH Bai isilik egotea? Azken bi asteetan, FIJAITari buruz, Frantziako Gobernuaren ELAN legeari buruz komunikatu duzue. Baina gai horretan, kanpotik begiratuta, deseroso ageri zarete.

Ez dugu komunikatu ere Miarritzeko aferez. Alta, abertzaleak ere joko biziki lainotsu batean dira, eta nik, laxatuko banintz, komunikatuko nuke barnean dudan guzia errateko.

Eta ez ote luke EH Baik komunikazio hori izan behar?

Beharbada. Baina zer nahi duzu erratea? Aitortu behar da ez dela erosoa horrelako kasuetan komunikatzea. Baina, zer eginen genuen [Uztaritzeko aferaz]? Agiri bat, agiri bat egiteagatik, eta ez arrunt ihes egiteko arazotik; eginen genuen zerbait gatzik gabe eta piperrik gabe, erranez arazo hori Uztaritzen konpondu behar dela, pena dela, gure ustez urratsak egin behar direla euskara garatzeko... Horrelako zerbait. Eta hor konpon! Nire ustez, afera horretan bai Karrere eta bai Matxikote aski malestrukak izan dira haien egiteko moduetan. Batetik, Matxikotek, nire iritziz, segitzen ahalko zuen sinesgarritasun handiagoarekin euskararen inguruko bere bataila, sistematikoki oposizioan izan gabe. Karrere ere, nire ustez, malestruka izan da Berriari emandako elkarrizketan, aitortu duelako debekatu ziola If Matxikoteri euskara hutsez mintzatzea. Hautetsi abertzale batek ezin du horrelakorik egin. Ez da posible. Eta, gainera, kalterako da ere. Oposizioko hautetsiek ez badute hori entzun nahi, tapatzen dituzte belarriak, edo abian dira; egiten dute nahi dutena. Baina Matxikoterentzat ere oposizioari begira edo euskara ulertzen ez dutenei begira; haren ideiak ez dira pasatzen, ez baitira ulertuak. Horregatik ere, ni ez naiz baitezpada taktika horren alde. Oroitzen naiz sentsazio hori izan nuela Europako hauteskunde batzuetan, duela urte batzuk, Euskal Irratietan antolatu zen eztabaida batean. Ari nintzen: nola antolatu da horrelako eztabaida bat frantsesez? Lotsagarria zen. Menane Otxandabaratzek eta Terexa Mitxelenak, biek hautatu zuten bakarrik euskaraz mintzatzea. Baina eztabaida noren artean egon zen? Beste guzien artean. Fineziaz jokatu behar da, eta, nire ustez, ikusi behar da non den interesa, zer irabazten den alde batean eta zer galtzen den beste batean. Nire ustez, gu geldituko gara nork duen arrazoi, eta nor den oker: Matxikote, Karrere, zer egin behar den... Ahantzita arazo horren hastapenean, eta errudunik handiena Frantziako Gobernua dela. Zergatik dugu arazo hori? Euskaldun bakar batek ere ez du arazo hori sortu. Badugu arazo hori konpontzeko, eta arazo taktikoak, ideologikoak eta horiek guztiak direla tarteko, estatu batek debekatu digulako euskaraz hitz egitea normaltasun osoz gure herrian. Eta hori bistatik galtzen dugu, fokalizatuz nork duen arrazoi Karrere eta Matxikoteren artean.

Eman duzun adibidea egokia da, eta balio du Uztaritzeko kasurako. Matxikoteren jarrera kalterako izan daitekeela diozu. Baina, era berean, hori egin izan ez balu, ez zen aipatuko, eztabaida ez zuen sortuko. Euskal Irratien hauteskundeetako eztabaida aipatzen duzula, planteamendu hori izateak —EH Baiko hautagaiak izatea bakarrak euskaraz mintzo zirenak—, eztabaida sortu du EH Bain, eta batzuek horregatik hautua egin zuten Euskal Irratietako eztabaidan frantses hutsean aritzea ere haiek. Eta horrek ere ondorioztatu du Euskal Irratietan gogoeta sortzea hauteskunde eztabaida horiek nola antolatu, nola egin euskarak presentzia izan zezan, nola egin ere bakoitzak bere hizkuntza mintzatzeko aukera izan dezan, itzulpena egin dadin... Eta, azken urteetan, bat-bateko itzulpena martxan ezarri dute. Ez ote dira behar horrelako ekintza txiki batzuk eztabaida mahai gainean jartzeko eta gogoeta bultzatzeko?

Oroitzen naiz garai batez eztabaida hori izan zela bi arlo ezberdinetan. Bat euskararen inguruan, Euskal Herrian Euskaraz-ek tindatzen zituelarik panelak. Egia da, hein handi batean, horri guztiari esker panel elebidunak izan direla. Baina panel elebidunak tindatzen hasten direlarik, eztabaida pizten da ere. Baina horren inguruan nolako eztabaidak eragiten dituzu? Batzuek, segur aski, zilegia eta normala dela erranen dute, baina beste zenbatek ez dute kritikatuko? Orduan, nik ez dut erantzunik. Hori historiak du erranen. 50 urteren buruan ikusirik zertan garen, ikusiko dugu bide hori zein izan den, eta nori esker; identifikatzen badugu. Beste adibide bat: intsumisioaren inguruan. Garai berak ziren gutxi gorabehera. Halako kanpainak izan ziren, lehenik adierazteko antimilitaristak garela eta, bestalde, ez dugula armada frantsesik nahi. Intsumiso gara ala kontzientzia eragozle bilakatzen gara. Zer da eraginkorrena? Hor ere pentsatzen dut joanen bagina 20 urte lehenago, gaur egun eztabaidan diren batzuk intsumiso bihurtuko zirela, eta ni kontzientzia eragozle egin nintzen. Zergatik? Hor, bada eztabaida interesgarria: eztabaida izan nuen Jean Noel Etxeberri Txetxekin. Intsumiso egin zen, eta lehen lerroan zen. Nik erran nion ez nengoela ados. Ni prest nintzen intsumiso izateko, baina ez zitzaidan eraginkorra iruditzen, kontzientzia eragozle izanez pagatuak baikinen Frantziako Gobernuarengandik, elkarte batean bi urtez lan egiteko. Eta lan eginez Euskal Herriaren aldeko elkarte batean, bi urtez, Frantziako Gobernuak ordainduta, eraginkorrago egiten duzu, nire ustez. Garai hartan, EHZ festibala sortu zen Arrosan, eta Peio Etxeberri eta biak, kontzientzia eragozle, bi permanente gehiago ginen Piztu elkartearekin festibala sortzeko. Niri eraginkorragoa iruditu zitzaidan. Gainera, intsumisioa garai hartan, gaur egungo Ipar Euskal Herriko jendarte kontserbadore honetan, giristinoa, legalista, eta biziki boterea errespetatzen duena, intsumisioa deabrua zen. Ez zen horrelakorik ulertzen. Nire familian mintzatu nintzenean -ez dira denak abertzaleak, baina euskaltzalea da; ulertzen dituzte gauza horiek-, intsumisioa... ez zuten ulertzen horrelako gauza bat; legea haustea zen. Demoak sortu genituelarik ere, ai ai ai, ilegalak ginen. Baina, erdibide horiek badute bertute bat: ez dituzte sekula beteko gose eta behar guziak, baina pixkanaka eramaten dituzu jende batzuk. Demoekin adibidez, bortizkeriarik gabeko ekintzak ziren, eta, horren bitartez, jende batzuk irriaraziz eta metodo horiek erabiliz, hala ere, eramaten zenituen pixka bat zure bidera. Aldiz, borroka armatuarekin edo intsumisioarekin beste garai batean edo Matxikotek duen jarrerarekin, pentsatzen dut jende sobera kontra bihurtzen duzula.

Baina aipatzen dituzun muturreko jarrera horiek eragina izan dute Euskal Herrian. Intsumisioak ekarri du inposatutako legeak ez errespetatzearen zilegitasuna, Demoek bortizkeriarik gabeko ekintzei buruz gogoeta bultzatu zuten; panel elebidunak margotuta Aitzinak egin zituen ekintzak, berriz, Euskal Herriko herri izenak desitxuratu dituztela erakustea eta gogoeta sortzea zuen helburu. Ez ote dute horrelako ekintzek —garairik garai muturrekotzat hartuak direnek— kontzientzia eragin eta eztabaida sortzeko funtzioa ere? Uztaritzekoa ez ote da hori?

Nire ustez, pena litzateke bata edo bestea hautatu behar izatea. Historian zehar, mugimendu militante guzietan edo gehienetan —Indian Gandhiren garaian, eta Estatu Batuetan beltzen inguruko mugimenduetan—, beti izan dira muturreko jarrerak; behar dira horrelakoak, eta behar dira bestelakoak ere. Pena litzateke, justuki, ez balitz koordinaziorik bien artean. Masa mugimendu bat. Jendea erakartzea. Bi funtzio ezberdin baitira: lehen funtzioa da akuilatze funtzio bat, eta bestea da masak biltzeko dinamika bat. Eta hori, ene ustez, uztartu beharko litzateke. Pena da Uztaritzeko afera horretan, justuki Uztaritzen gertatu izana
—pena da, dugun herri abertzale bakarrenetarik batean gertatu da, gure barne kontraesanak areagotuz eta guzti; pena da—, eta egin zitekeen, beharbada, Matxikote eta Karrerek adosturik; erran nahi baitu Matxikotek hitza euskaraz hartzea bere buruari ematen dion funtzio politikoaren arabera, eta adostuz ondoren Karrerek zer jarrera hartuko zuen auzapez gisa, zer eginen zuen. Karrerek auzapez gisa rol bat bete behar du, jende bat bildu behar du berekin; egin dezala Matxikotek berea, eta Karrerek erantzunen du, eta saiatuko dira biak uztartzen.

Ez ote litzateke hori hasieran aipatzen zenuen erdibidea?

Bai. Segur aski, ez da bat edo bestea, bien arteko zerbait da. Elkarren artean adostea estrategia, bakoitzak bere rola harturik bere gain.

Uztaritzekora itzulirik, azken lau urteetan, nola ikusi duzue EH Baikoek hizkuntza politikak izan duen bilakaera?

Ez dugu sobera landu. Ikusi dugu, hala ere Uztaritzen egin direla hainbat gauza beste inon lortu ez ditugunak.

Donibane Lohizunen, Alliot-Marie pasatu zelarik, hastapenetik galdetu genuen euskaraz mintzatzeko eskubidea herriko kontseiluan eta elebitasuna euskarri ofizialetan. Alliot-Marierekin ez genuen sekula lortu, beti ezetz. Gero Peyuco Duharterekin lortu genuen, gutxienez aktualitateko galderak pausatu ahal izatea bi hizkuntzetan, eta kontseilu garaian erratea, lehenik euskaraz eta gero frantsesez. Geroztik, barne buletinean gauza batzuk euskaraz izatea lortu dugu; ez denak. Gomit ofizialetan ere bi hizkuntzetan izatea, baina askoz ere gehiagorik ez.

Aski da?

Eta adierazgarriena: azken agintaldian bazen euskararen inguruko kontseilari ordezko bat, eta orain ez da; desagertu da. Uztaritzen, hala ere, lortu da komunikazio guzia ele bitan izatea. Beharbada, ez da aski, baina herriko etxe batean lortzea horrelako gauza bat, ofizialtasuna onartzea horrela, nahiz eta sinbolikoa den. Horrelako zerbait lehen aldiz egiten zen. Egin dira urratsak. Hastapeneko galderara itzultzen gara. Horrelako gauzak egiten direlarik, egin beharreko bide luze horretan, aski da ala ez da aski? Pertsona bakoitzaren arabera, erantzun diferentea izanen da. Ene ustez, ez da erantzun objektiborik. Historiaren arabera edo abagunearen arabera, gauza batzuk posible dira, eta beste batzuk ez. Abagune, honetan hori posible izan da; gehiago posible izanen zen? Nork daki. Biziki zaila da gibelapenik izan gabe.

Ez ote da logikoa eta zilegia, duela lau urte euskara ofizial izendatu duen herriko etxe bati gehiago eskatzea?

Oposiziotik ahoa ireki eta zer egin behar den erratea zerbait da, eta, gero, kudeaketan zarenean eta badakizularik topo egiten duzula legediarekin, topo egiten duzula zure oposizioarekin, eta zure oposizioak dituen legezko errekurtso ahalmenekin, baduzularik ere aurrekontu bat kudeatzeko. Gauza anitz proposatzen dira oposiziotik, eta, gero, aurrekontu bat duzularik eskuen artean, hori dena pagatzeko hautuak egin behar dira, eta ez da dena posible. Eta hori ere entzun behar da. Biziki zaila da dena kudeatzea. Auzapezorde guziek galdetzen dute gehiago, eta erabakiak hartu behar dira. Hor ere, non ezarri sos gehiago eta non gutxiago, biziki erabaki zaila da.

Matxikote eta Karreren bideen artean, zein da EH Bairen iritzia?

EH Baiko bozeramaile gisa, ezin diet arrazoi eman, ez Matxikoteri, ezta Karrereri ere. Baina kanpotik ikusirik, justuki, nahi dut erran arazo biziki zaila dela jokoan dena eraginkortasuna baita. Politika mailan, inork ez du erraten ahal non den. Berriz erranen dut: biziki goxoa litzateke erratea Matxikotek duela arrazoi; berak du bere gain hartzen bere euskaltzaletasuna; guretzat, errazago litzateke erradikalenaren alde ematea. Baina afera beste manera batez ere pentsatu behar dugu: non den ortodoxia politikoa, eta non den eraginkortasuna. Zinez aitzinatzeko zein den biderik hoberena. Batzuetan, saihesbide batzuk hartu behar dira zure helburuetara iristeko, eta bidean duda sortzen zaizu iparrorratza galdu ote duzun. Baina galdu ez baduzu, lortzen duzu. Bada erranaldi bat: «garrantzitsuena ez da erorketa, lurreratzea baizik». Emaitza da lortu behar. Ezin dugu erran bien artean nork duen arrazoi. Aldiz, pentsatzen dut inork ezin diola leporatu EH Bairi euskararen normalizazioa nahi ez izatea. Gure ideologia eta nortasun politikoarekin, ezin dut hautatu Karrereren eta Matxikoteren artean. Bai baitakit biziki konplexua dela afera hori. Arduragabekeria litzateke nire partetik, bozeramaile gisa bat edo bestea hautatzea.

Bruno Karrerek BERRIAri emandako elkarrizketan, iritzi publikoaren pisua aipatzen du. Posible ote hizkuntza politika bat garatzea Ipar Euskal Herrian denen adostasunarekin?

Ez, bistan da ezetz. Hori da politika bere zentzu orokorrean. Gai guzien inguruan beti izanen da norbait ados eta norbait ez ados. Arrunt. Segur da. Zu zara hautatua izan, baduzu proiektu bat, eta erran behar duzu: ni bozkatua izan naiz A erraten duen proiektu batekin, eta A onartzen du. Jendea ez bada ados, aski zuen beste norbaiten alde bozkatzea.

Mugimendu abertzalean denek argi ote dute hori?

Guzien artean adostasun bat lortzea ez da posible! Auzapez bati doakio proiektu politiko bat proposatzea, eta hori aplikatzea. Uztaritzeko kasuan, konparatu beharko litzateke zer proposatua zen eta zer egin den.

Ez ote da mugimendu abertzalean sektore bat politika egin nahi duena konfrontaziorik gabe?

Bai. Mugimendu abertzalea ez da perfektua. Beste alderdiak baino zuzenagoak garela pentsatu nahiko nuke, baina guk ere baditugu gure ahuleziak, gure anbizioak, gure konbikzioak... Normala da. Humanoa da. Segur da gure mugimenduan ere aurkituko ditugula kontraesanak eta batzuetan biziki sakonak. Hori onartu behar da.

Mugimendu abertzaleak onartzen ditu bere kontraesanak gaur egun?

Badira bi zentzu onartu aditzarekin: badela onartu, edo badela onartu eta horrela ongi dela kontsideratu. Lehena, bai. Kontraesanak baditugula onartzen dugu. Beharturik. Beti badira helburu batzuetara iristeko beren iparrorratza eta beren nortasuna galtzen dutenak. Badirela segur. Beste batzuk garbi egoten direnak. Eta beste batzuk garbi egoteko ardurarik hartzen ez dutenak. Eta hori ere bada. Ez naiz segur nire leialtasuna eta garbitasuna atxikiko ote ditudan; beraz, nahiago dut bazterrean egon.

Politikak zikintzen du?

Bai. Engaiatzea biziki zaila da. Eta oposiziotik zaila da, baina boterera heltzea, are zailagoa. Nik ez diot ere harria botako inori oposizioan naizen tokitik. Ez dakit hobea nintzatekeen haien lekuan izanen banintz.

Mugimendu abertzalea ez ote litzateke aitzindaria izan behar euskararen arloan?

Bistan da. Gure rola da. Gure funtzio historikoa eta politikoa da.

Hala da gaur egun?

Bai. Lehenik, oposizioz, beste inork ez baitu gehiago egiten. Gehiago egin liteke, beharbada, baina inork ez du guk baino gehiago egiten. Bada gu baino okerragorik. Gehiago egin daiteke, segur. Baina, hor ere, hiru abertzale hartu, eta arras ikuspegi desberdina izanen dute egin behar denari buruz. Uste dut funtsezko adostasun bat badugula, baina egin beharreko bideaz, taktikaz dugu desadostasuna. Baina ez da arazo morala; tresna arazo bat da. Eraginkortasuna xerkatzen dugu denek.

Ez ote da momentua eztabaida hori eramateko?

1960tik, Enbata mugimenduarekin—, beti horretaz mintzatu gara. Ez genuen proiektu politikorik, edo gutxi. 20-30 urte geroago, beste gai guziez mintzatzen hasi ginen, kontsideratuta gure oinarri ideologikoa bagenuela. Beharbada, ahazten dugu euskara.

Gainerako proiektu politikoak euskarari gaina hartu diola erraten ari zara?

Beharbada. Edo kontsideratzen baitugu sobera hori sakralizatua dela. Gure oinarria da, hemen dugu, ez da aldatuko... Orain, konbentzitu behar ditugu jendeak, margotzeko paletako beste kolore guziekin. Jakinez hau hor dela eta nehork ez duela gure partez hartuko, nehork ez baitu nahi. Arrisku bakarra dago: berdeen sindromea. 1960ko hamarkadaren hastapenean, ekologistek baizik ez zuten aipatzen hori; begira, 30 urte geroago, denek aipatzen dute ekologia, eta denak ekologistak dira. Euskararekin gauza bera gertatzen ari da, baina kontsentsu bigun batean. Denak dira euskararen alde, baina ez dute deus egiten. Egia da hor badugula funtzio garrantzitsu bat: borrokan segitzea horretan. Hor ere betiko galdera da aski egiten dugun ala ez.

«Hobekuntzak badira, baina irakaskuntza elebiduna existitzen den azken 45 urteetan, garapena geldoa izan da, eta emaitzak ez dira desafioaren heinekoak». Anita Lopepe EH Baiko bozeramailearen hitzak dira, joan den astean idatzi zuen iritzi artikulu batekoak. Ez ote litzateke gauza bera erraten ahal maila instituzionalean hizkuntza politikari eman zaizkion baliabideei buruz?

Bai. Bistan da.

Zer gehiago egin lezake mugimendu abertzaleak azken 50 urteetan ez bada lortu maila instituzionalean behar ziren neurriak har zitezen?

Hiru arlo badira politikagintzan: kudeaketa hartzea, legea aldatzea, eta herritarrak konbentzitzea. Hor dugu eragin behar gehien, herritarrak konbentzitzea, eta pentsatzen dut alde horretatik ez dela dena beltz. Enbataren sortzea aipatu dugu: nire gurasoei garai hartan gauzak zertan ziren galdetzen diedalarik, euskara peko errekara abian, jendeak mespretxatzen zuen, euskaldunek ere, garapen soziala lortzeko frantsesa ikasi behar zen, ikastola eskola terrorista gisa ikusia zen… Gauzak aldatu dira. Ez da aski, segur. Baina bide hori egin da 40 urtez; denbora hori ez da bizitza bat ere.

Egokia ote da erratea lehen okerrago zela gaur egun aski egiten ez dela justifikatzeko?

Bistan da ezetz. Segitu behar da, eta oraindik gehiago, baina ez da pentsatu behar dena beltza dela. Emekien aldatzen diren mugimenduak mugimendu sozial eta kulturalak dira. 40 urte eman dira hasi denetik batailatzen euskararen alde, hain zuzen, lortzeko gaur egun duguna. Orduan, pentsa guk lortu nahi genukeenak zenbat denbora hartuko duen. Beste galdera bat da euskarak denbora baduen edo ez goaitatzeko. Edo ikaratzen gara erranez borroka galdua dela eta abandonatu behar dela, edo erraten dugu ez dela mugitzen, haserretzen gara, eta zernahi egiten dugu, edo, saiatzen gara hozki eraginkorrak izaten. Mahai horren inguruan gara, zer egin beharko litzatekeen erabakitzen.

Euskal Elkargoaren hizkuntza politika proiektua, Euskaraldiaren eta Korrikaren urtea... Ez ote da abagunea euskarari begirako estrategia bateratu bat adosteko?

Bai. Uztaritzeko kasuaz baliatu beharko ginateke ohartzeko zer gertatu den, zer egin den ongi, zer egin den gaizki, bilana egin, jende guzia mahai baten inguruan ezarri, eta gogoetatuta nola konpontzen ahal den afera hori. Irakaspenak hartu behar dira gure porrotetatik.

Eta zein da espazioa gogoeta hori eramateko?

Nire iritzi pertsonala emanen dut, ez dugulako halakorik EH Bain oraindik aipatua. Nire ustez, Batera-k bere eginkizunetan duen ardatz bat euskara dela kontuan hartuta, Uztaritzeko kasua hartuta, eta Uztaritzen berean hasita, Euskal Elkargoari buruz abiatu duten gogoetaren gisako bat egin liteke. Ideia ona litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.