politika

EH Baik protesta boza sustatuko du martxoko eskualde hauteskundeetan

Aurten EAk ez du koalizio abertzalean parte hartuko. 'Euskal Herria hitza eta erabakia', euskararen ofizialtasuna, errepresioaren bukaera, AHTaren aurkako jarrera, Laborantza Ganbara eta langileen defentsa izango dira EH Bairen aldarrikapenak.

2010eko urtarrilaren 7a
18:19
Entzun
Frantziako Errepublikan aurten martxoaren 14an egingo dituzten eskualde hauteskundeetan Euskal Herria Bai koalizio abertzaleak protesta boza sustatuko duela iragarri du gaur, Baionan.

Azken bi urteetan Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan eta herri eta kantonamendu bozetan emaitza onak lortu zituen koalizioak, baina martxokoan aldaketa bat izango du osaerari dagokionez: EAk ez du parte hartuko -Berdeekin aurkeztuko da-, ABk eta Batasunak bai. Dena dela, Mattin Etxepare EAko Ipar Euskal Herriko koordinatzaileak agertu du gerora begira "abertzaleen arteko elkarlana" izango duela xede bere alderdiak. "Nazio mailan, polo subiranista da helburua, eta horretarako, EH Bai gure geroa izango da". Ikusirik Ipar Euskal Herriak Akitaniako lurraldearen %10 osatzen duela, Europe Ecologie plataformaren barne joateko nahia nagusitu da EAn.

Frantziak Euskal Herriarekiko daukan "posizio ukatzailea eta erasokorra" salatuko du EH Baik, eta Euskal Herria hitza eta erabakia izango du aldarrikapen nagusia martxoko bozetan. Beste aldarrikapenak: euskararen ofizialtasuna, errepresioaren bukaera, AHTaren aurkako jarrera, Laborantza Ganbararen lanaren goraipamena eta langileen defentsa krisi ekonomiko garaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.