EH BIlduk maiatzaren 30eko greba orokorrarekin bat egiteko deia egin die herritarrei, "Euskal Herriarentzat subiranotasuna" eskatzearekin batera, Gasteiz, Iruñea eta Madrilgo gobernuek "ukatzen eta zapaltzen duten demokrazia berkonkistatzeko". Bilbon, Euskaldunako zubian egin dute ekitaldia, "grebara joateko 235.000 arrazoi baino gehiago" daudela esanez, Hego Euskal Herrian lanik gabe daudenei erreferentzia eginez.
"Gure bizitzak zuzendu nahi dituzten gobernuek duela asko erabaki zuten herritarrei bizkarra eman, eta finantza botere handiek esaten dutena egitea. Sistema benetan demokratiko batek ez du deshauziorik egiten, ez du pribatizatzen, ez ditu langabeziara eta miseriara kondenatzen, gutxi batzuen pribilejioak mantentzeko", Oskar Matute parlamentariak aipatu duenez.
Herritarrak dira, EH BIlduren ustez, egungo eredua aldatuko duten politikak garatuko dituztenak, eta horretarako Euskal Herriak subiranotasuna behar du. Zentzu horretan greba orokorra "inflexio puntua izango da gure herriarentzat". Laura Mintegi, Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Dani Maeztu, Hasier Arraiz eta NIko Morenok hartu dute parte ekitaldian, besteak beste.