Felipe Borboikoa Espainiako erregeak gaurtik aurrera egingo die harrera abenduaren 20ko hauteskundeetan ordezkaritza lortu zuten talde politikoei. Javier Esparza batzartuko da harekin UPNren izenean, eta Aitor Esteban EAJrenean. Bihar zen EH Bilduren txanda ere, baina koalizio subiranistak batzarrak egin ditu asteburuan, bilera horretara ordezkaririk bidaliko duen erabakitzeko, eta ez joatea erabaki du.
Argudiatu du "Espainiar Estatuaren izaera antidemokratikoaren ikur gorena" dela monarkiaren instituzioa: "Garai ilunenen bermea da". Halaber, koalizioak arrazoitu du zergatik joan zen duela lau urte eta orain, berriz, ez: "Espainiako erregeari esan beharreko guztia esan genion duela lau urte: Euskal Herria errespetatzeko, euskal herritarrei bere eskubideak ez ukatzeko, gure burujabetza ez gehiago hausteko. Esan genion busti zedila herri honentzako normalizazio eta bake bidean. Eta ikusi dugu zein izan den erantzuna. Oraindik zain gaude”. Gaineratu dutenez, “ez gara Espainiako Erregearekin elkartuko, ez duelako ez entzun ez ikusi nahi herri oso baten borondatea. Hauekin alferrik da: eta frogatuta gelditu da".
Asteartean zehar bilduko dira estatuburuarekin Podemos, PSOE eta PPeko ordezkariak, Ciudadanos, IU eta DiLekoez gain. ERCk uko egin dio bilera horretara joateari, Espainiako erregeak ez baitie harrera egin Kataluniako Parlamentuko presidente Carme Forcadelli eta Generalitateko presidente Carles Puigdemonti.