Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak atzo iragarri zuen EAEko estatus politiko berriaz "gutxieneko oinarriez" akordioa lortzeko ostiralerako deitu dituela Eusko Legebiltzarreko beste taldeak, alde biko batzarrak egiteko, baina Hasier Arraiz EH Bilduko eledunak jakinarazi du eurak ez direla etzi joango, batzarra deitzeko modua egokia izan ez delakoan. Haren esanetan, lehendabizi hedabide batean jakin zuen bilera deitu duela EAJk. "Bilera horiek antzerkia besterik ez dira. Mahaiaren inguruan esertzen gara akordiorik lortzeko inolako asmorik gabe, baina kanpora begira akordioa nahi dugun itxurak egiteko", esan du Arraizek, Onda Vasca irratian. Gainera, iragarri du Confesbask-ekin lotua dutela biharko bilera bat.
Arraizek dio prest dela EAJrekin hurrena "behar bezala" batzartzeko. "Akordioa lortu nahi badugu hemen dut nire telefonoa, Andoni Ortuzarrek badu deitzeko aukera. Behar bezala bil gaitezke, eta erabakitzeko eskubideari buruzko estrategia bat adostu, horretarako borondate politikorik bada".
"Konpon daiteke"
EAJren EBBko burukide Koldo Mediavillak elkarlanerako deia egin dio Arraizi, eta erantzun "estatus politiko berriari buruz hitz egiteko oztopo bakarra moduak badira", konpon daitekeela. Hala, buruzagi jeltzaleak gogorarazi dio Arraizi duela bi hilabete, autogobernuaz hitz egiteko bildu zirenean, adostu zutela aurrerago berriz biltzea gutxieneko adostasunera heltzeko: "Eta hori da guk nahi duguna".