Biktimak

EH Bildu ez da joango Jaurlaritzak antolatutako biktimen omenaldira

Nafarroako Gobernuak antolatu duen ekitaldian, ordea, parte hartuko du koalizioak, inklusiboagoa dela argudiatuz. Ekitaldi hori azkenean larunbatean izango da.

Isaias Carasco zinegotzi sozialistaren omenezko ekitaldia. MONIKA DEL VALLE, ARGAZKI PRESS
arantxa elizegi egilegor
2018ko martxoaren 6a
07:30
Entzun

Biktimen omenaldietan egoteari eman dio lehentasuna EH Bilduko parlamentari Miren Larrionek, eta zehaztu du ez datozela bat Jaurlaritzak larunbaterako antolatutako ekitaldiarekin, nahiz eta EAko ordezkaritza bat bertan izango den eta, beraz, nolabaiteko presentzia izango duten. "Nafarroan izango gara, egiten den irakurketa osoagoa delako". Larrionek nabarmendu du Gasteizen alderdi gisa egongo ez diren arren, EAko ordezkaritza bat joango dela ekitaldira.

Koalizioak hedabideetara bidali duen oharrean nabarmendu du Jaurlaritzak  nahiago izan duela "alderdi interesetan gelditu", "bakean eta bizikidetzan aurrerapausoak eman eta jarrera eraikitzailea erakutsi beharrean". EH Bilduk gaineratu duenez, indar subiranistak ahaleginak egin ditu ekitaldiak izaera "inklusiboa" eta "etorkizunera begirako jarrera eraikitzailea" izan zezan, baina "Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzak nahiago izan du atzera begirako irakurketa partziala egin".

Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna dela eta, ekitaldi bat antolatu du Jaurlaritzak Bilbon, Bidegabea izan zen. Gizartea eta biktimak oraina eta geroa elkarrekin eraikiz lelopean. Larrionek salatu du legealdiaren hasieran aurrerapausoak egin zirela gai horren inguruan, eta orain berriz ere "blokeatuta" daudela. "Ez luke alderdien arteko gatazkarik egon behar, denok kontuan hartuko gaituen irakurketa bat baizik".

EH Bilduk ez du halako gabeziarik ikusten Nafarroako Gobernuak antolatu duen ekitaldian. "Bilboko ekitaldian ez bezala, Iruñekoan bakea eta elkarbizitza eraikitzeko jarrera eraikitzailea eta inklusiboa" izango du Iruñeko ekitaldiak, koalizioaren esanetan. Biktima "guzti-guztiak" aintzat hartuko direla eta "alderdi interesei" erantzun beharrean, "herri eta gizarte interesak" lehenetsiko dituela adierazi du.

EH Bilduk ziurtatu du "urrats asko" eman dituela bakearen eta elkarbizitzaren alde, eta azken hilabeteetan horren erakusle diren keinuak egin dituela nabarmendu du. Horien artean aipatu du Isaias Carrasco eta Miguel Angel Blanco ETAren biktimen omenaldietan parte hartu izana.

Biktimen omenaldietara joaten jarraituko duela ziurtatu du Larrionek. "Badirudi hitzek arazoak eragiten dituztela. Zorionez, jarrera, prestutasuna eta gizartean dugun tokia ez da eztabaidatzen. Aurrera egin dugu, eta aurrera egiten jarraituko dugu".

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du larunbata baino lehen ekitaldiaren izaera adosteko aukera dutela oraindik Jaurlaritzak eta EH Bilduk. Hala egiten badute, koalizioak omenaldian parte hartuko duela ziurtatu du.

Jaurlaritzaren iritziz, lelo "aproposa"

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du EH Bilduk ekitaldira ez joateko duen arrazoia gobernuak elkarretaratzerako aukeratu duen leloa dela. Gaineratu du Jaurlaritzak "penaz" hartuko duela EH Bildu ekitaldian ez izatea, baina ekitaldiaren leloa "aproposa eta egokia" dela berretsi du. "Terrorismoak" eragindako mina "bidegabea izan zela baieztatu eta nabarmendu" du Erkorekak.

Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, EH Bilduren erabakiak agerian utzi du oraindik ere lan handia dagoela egiteko bakearen eta elkarbizitzaren arloan.

Bestalde, Anvite Nafarroako ETAren biktimen elkarteak uko egin dio Nafarroako gobernuak larunbatean egingo duen ekitaldian parte hartzeari. Iaz ere ez parte hartzea erabaki zuen, "eskuin muturraren biktimak" omendu zirelako ETAren biktimak omendu ziren ekitaldi berean. Horien artean, euskal presoen senideak zeudela salatu zuten, eta ekitaldiko "protagonista" egin zituela Gobernuak.

Aurten Nafarroako Gobernuak tortura ikertzeko diru laguntzak eman izana ere kritikatu dute elkartetik, "biktimak borreroekin berdindu" nahian ari dela iritzita. "Dena kriminalizatzearen kontra" dago Anvite, errealitatea desitxuratzea eragozteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.