Negoziazioen garaia da Nafarroan, udal eta foru hauteskundeetako emaitzetan gobernu aldaketaren aldeko indarrak gehiengo izan ondoren. Geroa Bai izan zen bigarren indarra, eta Ezkerrarekin abiatu ditu elkarrizketak aurrena;
"sintonia ona" izan dute, eta ez dute PSN baztertu negoziazioetatik.
PSNko zerrendaburu Maria Txibite PSOEko idazkari nagusi Pedro Sanchezekin batzartu da Madrilen. Biek egin dute Nafarroan gobernua aldatzearen alde, baina ez dute "desiragarri" ikusten EH Bildu egotea gobernu horretan. Emaitzek, ordea, ez diote PSNri giltza ematen, eta baliteke Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak babestea gobernu berria. "Haien erabakia izango da", esan du Txibitek.
Asiron, alkatetzarako bidean
Iruñeko Udalean, berriz, Joseba Asiron izan daiteke hurrengo alkatea. EH Bildu bigarren izan zen bozetan, baina gehiengoa lor lezake beste alderdien babesa jasoz gero. Astelehenean, Geroa Baik iragarri zuen "erraztu" egingo zuela gobernu aldaketa Iruñean. Gobernu "plurala eta ezkerrekoa" osatu nahi du Asironek, eta bihar ekingo die bilerei; Ezkerrarekin abiatuko ditu negoziazioak, 11:00etan.