Talde denek, EH Bilduk salbu, ustelkeria politiko, sozial eta ekonomikoari aurre egin ahal izateko ebazpen bat sinatu dute. "Euren historian ustelkeria politikoa daramaten taldeekin ez dugu halako ezer sinatuko", esan du Igor Lopez de Munain EH Bilduko legebiltzarkideak, eta esaldi horrek beste taldeen erreakzioa sortu du.
Iñigo Iturrate EAJko parlamentarioak haren hitzaldia eten egin du, eta Lopez de Munainek batzordeko presidenteari esan dio jeltzaleak behin baino gehiagotan aipatu duela EH Bilduk bere baitan "hiltzaileak" dituela eta hori aktan jasotzeko exijitu dio.
Ana Otaduiren (EAJ) arabera, EH Bilduk "demagogia" baino ez du egin ustelkeriaren aurka, eta ETAren hilketak –"ustelkeri denen artetik gogorrena"– "babestu" izana egotzi dio koalizioari. Ondorioz, haren aldetik "ikasgairik" ez dutela nahi aipatu du.
Miren Gallastegik (PSE-EE) adierazi du EH Bilduren baitan indarkeriagatik zigorrak jaso izan dituzten pertsonak daudela, eta Lopez de Munaini "demokrazia eta errespetuari buruzko ikasgairik" ez emateko eskatu dio.
Nerea Llanosek (PP) eta Gorka Maneirok (UDP) akusazio larriagoak egin dizkiote koalizioari.