POLITIKA

EH Bildu: "Porrota izan da Urkulluren agintaldia, eta jada agortuta dago"

Legegintzaldiko erronka nagusienetan “aurrerapauso esanguratsurik eman” ez izana salatu du koalizioak.

Berria
2016ko apirilaren 5a
07:44
Entzun

IIñigo Urkullu EAEko lehendakariaren agintaldia “porrota” izan dela esan du EH Bilduk, eta legegintzaldiari “ibilbide laburra” geratzen zaiola uste du. Unai Urruzuno eta Pello Urizar legebiltzarkideek egin duten prentsaurrekoan egin ditu adierazpenok koalizioak; hain justu, Urkulluk bere agintaldiaren 1.000 egunei buruz egingo duen balorazioaren bezperan. Ekonomiaren berpiztea, bakegintza eta estatus politiko berria bultzatzeko "anbizioa" falta izan zaio Urkulluri, EH Bilduren ustez. Hala, legegintzaldiak "ibilbide laburra" duela adierazi du.

EH Bilduko legebiltzarkideen ustez, Urkullu ez da “herri honek behar duen lehendakaria”. Koalizioak “anbiziorik” gabe jardun izana leporatu dio, eta Espainiako Estatuak eskaintzen dituen “marjina tristeen” baitan gobernatzera mugatu dela salatu du. EH Bilduren ustez, “birzentralizaziorako” joera nagusitu da Espainian, eta, ondorioz, “politika subiranoen” aldeko apustua behar da.

Legegintzaldiko hiru erronkak

Urkulluk ez du emaitza azpimarragarririk lortu, ez ekonomiaren berpiztean, ez bakegintzan, ezta estatus politiko berri bati dagokionez ere, EH Bilduren esanetan.

Hala, Urruzunok ohartarazi du 154.000 herritar daudela lanik gabe Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Bazterketa soziala areagotzen ari dela azpimarratu du, bestalde; adierazi duenez, lanean aritzea ez baita gutxieneko bizi baldintzak asetzearen berme. Enplegua eta industria sustatzeko politikarik ez izatea egotzi dio Urruzunok gobernuari.

Bakegintzaren arloan, Espainiako gobernu aldaketaren zain gelditu da Urkullu, EH Bilduren iritziz; “blokeoak” aurrera jarraituko ote duen ikusteko. Oraindik ere presoen eta haien senideen eskubideak urratzen direla eta “auzi politikoak” ez direla amaitu salatu du koalizioak.

Estatus politiko berria eta hari buruzko galdeketa agindu zituen Ukulluk 2015erako. Horren ordez, “autogobernu lantaldea hozkailuan sartzea” leporatu dio EH Bilduk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.