Miren Larrionek izan ezik, legebiltzarkide izango diren EH Bilduko gainontzeko hamazazpi kideek aurkeztu dituzte kredentzialak. Maddalen Iriartek eta Jasone Agirrek hitz egin dute guztien izenean gero, eta azaldu dute EAJrekin negoziatzeko bide orri bat jarriko dutela mahai gainean, Madrilek Eusko Legebiltzarrean adostutako estatus politiko berriari "ateak ixten dizkionean" abian jartzeko. Azaldu dute, horrez gain, jeltzaleei eta Elkarrekin Podemosi akordio bat proposatuko dietela 2017ko aurrekontuetan murrizketarik ez dadin izan.
Iriartek esan du prest dagoela EH Bildu EAJrekin estatus politiko berriaren bidea egiteko legebiltzarrean, baina ez dutela horretan sinesten, eta horregatik jarri nahi dute ondorengo faserako bide orri bat mahai gainean. Zer pauso emango diren zehaztu nahi dute.
EAJk estatus politiko berri bat adostu nahi du legebiltzarrean, eta, herritarrek kontsulta batean berresten badute, Espainiako Gorteetan tramitatzea nahi du, legearen barruan. Euskal Herriaren identitate nazionala, nazio izaera eta estatuarekiko alde biko harremana Madrilen aitortzea nahi du. Iriartek, ordea, gogorarazi du Katalunian abiatu duten bidearen antzeko baten aldeko apustua egiten duela EH Bilduk, baina gaineratu du EAJren bidea egiteko prest daudela.
Datozen asteetan bilduko dira EAJ eta EH Bildu gobernabideaz hitz egiteko. Agirrek azaldu du erabakitzeko eskubideaz eta murrizketarik gabeko aurrekontuez EAJrekin eta Elkarrekin Podemosekin akordioak egitea dela euren lehentasuna. Salatu du aurreko legealdian PSEk eta EAJk ez zutela politika sozialetan, ekonomikoetan, autogobernuari dagozkionetan eta bake politiketan aurrera egin, haren arabera, "Madrilek eta Parisek ezarritako blokeoa onartzen dutelako".
Agirrek gaineratu du PSEk bakegintzan betoa jarri ziola EAJri, eta horrek hori ere onartu egin zuela. Aste honetan atzeman dituzten ETAren armez Iriartek azpimarratu du ez dirudiela hori denik bake prozesuan aurrera egiteko modua. "Urrats asko daude egiteko", adierazi du, eta ondoren gaineratu du alde guztiak itxiko den prozesu bat saiatzen jarraitu behar dela, "ez soilik ETAren desarmearena".