Politika

EH Bildu prest legoke aurrekontuak babesteko EAJrekin bide orri bat adostuz gero

EAJ estatutu berria "ideologia desberdina dutenen artean" adosten saiatuko da  Aitor Estebanen esanetan. Arnaldo Otegi ere akordioa zabaltzearen alde dago, baina ohartarazi du uda aurretik egindako akordioa "gutxienekoen akordioa" dela.

Aitor Esteban, Pedro Sanchezekin, Rajoyren kontrako zentsura mozioa onartu zuten egunean. J.J. GUILLEN, EFE
2018ko abuztuaren 27a
07:38
Entzun

Urtero bezala, Donostiako Miramar jauregian egingo du Jaurlaritzak lehen gobernu kontseiluan. EAJren eta PSE-EEren koalizio gobernuak bere hirugarren urteari ekingo dio, eta 2019ko aurrekontuen negoziazioa izango da udazkenean mahai gainean izango duen erronka nagusia.

Izan ere, egoera aldatu egin da aurreko bi urteen aldean: azken bi urteetan, Jaurlaritzak PPren babesarekin atera ditu aurrera aurrekontuak, eta Espainiako Gobernuak EAJren botoei esker onartu ditu bereak. Orain, baina, PSOE dago Moncloan, eta hala izatea babestu zuen EAJk ere. Nolanahi ere, PPrekin saiatzeko asmoa dute jeltzaleek aurten ere, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuaren arabera: "PPrekin ezin badugu, Elkarrekin Podemosekin edo EH Bildurekin saiatuko gara".

Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak azaldu du ez duela baztertzen EAJren aurrekontuak babestea, baina nabarmendu du bide orri luzeago bat adostu beharko dutela hori gertatzeko: subiranotasuna eta eskubide sozialen inguruan ondutako akordio bat, alegia. Nolanahi ere, Otegiren arabera, jeltzaleek gehiago begiratzen diote PPri EH Bilduri baino.

EAJk badu beste erronka bat ere: estatutu berria. Uda aurretik EH Bildurekin adostu zuten testua autogobernu lantaldean, baina Aitor Esteban Kongresuko bozeramaileak onartu du badakitela bi alderdi horien babesarekin bakarrik ezin dutela lortu estatutua aldatzea. Horregatik, "ideologia desberdina dutenen artean" adosten saiatuko dira, jakinarazi duenez.

Horretarako "borondate zintzoa" duela esan du Estebanek. "Dogmatikoa" ez dela izan behar dela uste du, eta nabarmendu du EH Bildurekin adostutako testuan ez dagoela "mugitu ezin den ezer".

Haren arabera, EH Bildu gerturatu da EAJren jarreretara, eta horregatik izan da posible bien arteko elkar ulertzea. Elkarrekin Podemosi akordioarekin bat egiteko ausardiarik ez izatea egotzi dio, eta PSE-EEri "erabakitzeko" eskatu dio, beti Madrilera begira egoteari utzita.

Otegi ez dago akordioa zabaltzearen kontra, baina argi utzi du uda aurretik adostu zutena "gutxienekoen akordioa" dela beraientzat. EH Bilduk ez du ametituko Euskal Herria nazio gisa onartzen ez duen eta haren erabakitzeko eskubidea jasotzen ez duen estatuturik, hango koordinatzaile nagusiaren esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.