EH BIlduk 2012ko Lan Erreforma indargabetzeko ituna egin du PSOE eta Podemosekin

Larrialdi egoera beste hamabost egunez luzatzea ahalbidetzearen truke, PPren erreforma kentzea onartu dute Madrilen agintean diren alderdiak, udalek gastu sozial gehiago egin ahal izatea, eta Hego Euskal Herriko gobernuak gehiago zorpetu ahal izatea.

Martxe Aizpurua, EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen taldearen eleduna, gaurko eztabaian. BALLESTEROK / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 20a
21:33
Entzun

EH Bilduk ez dio oztoporik jarri Espainiako Gobernuak larrialdi egoera beste 15 egunez luzatzeko, Madrilgo Kongresuan gaur iluntzean eginiko bozketan. Koalizio abertzalea abstenitu egin da, ERCk kontra bozkatu duen arren. Bozketaren ondoren, erabaki horren oinarrian dagoen itunaren berri eman du EH Bilduk, agiri baten bitartez.

EH Bilduk, PSOEk eta Unidas Podemosek ituna egin dute PPk 2012. urtean aurrera atera zuen lan erreforma indargabetzeko, besteak beste. Alderdiok «itun politikoa» sinatu dute «behar diren neurriak hartzeko, gizarte eta ekonomia babesak gehiago bermatze aldera estatuko herri eta langileentzat». EH Bilduren oharraren arabera, 2012ko lan erreforma indargabetu beharko da Espainiako Gobernuak «COVID-19ak eragindako krisiaren harira harturiko salbuespeneko neurriak amaitu baino lehen».

Itunaren bigarren puntuak gobernu autonomikoen eta aldundien gastu mugei eragiten die. Adostu dutenez, erakundeok «gastu gaitasun eta malgutasun handiagoa izango dute herritarren mesederako politika publikoak martxan jartzeko, eta COVID-19aren krisiak eragindako ondorio sozialei aurre egiteko».

Hirugarren puntuan, «udalek politika sozialetara bideraturiko dirua gastu arauaren zenbakietatik at uztea eta kontuan ez hartzea» hitzartu dute.

Azkenik, hiru indarrek adostu dute EAEren eta Nafarroaren «zorpetzeko gaitasuna soilik beren erakundeen finantza egoeraren arabera ezartzea».

Aizpuruaren eskaera

Gaurko bozketaren eztabaidan, Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko taldeko eledunak iradoki du ituna lortzeko negoziatzen ari zirela.

Aizpuruak lan erreforma indargabetzeko eskatu die Espainian agintean diren alderdiei. «Hainbeste urtez langileei kendu zaizkien eskubideak berreskuratu ditzaten eta babestuago egon daitezen COVID-19aren ondorioei aurre egiteko».

EH Bilduk goraipatu du erkidegoekin koordinazioan aritzeko eta gobernantza partekatuaren alde Espainiako Gobernuak egindako aldaketa. «Deitoratzen dugu bi hilabete behar izatea ulertu ahal izateko ezen koordinazioa ez dela menpekotasuna eta bestela egin daitezkeela. Ez dakigu erabat ulertu duzuen, baina baloratzen dugu urrats hori egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.