EUSKO LEGEBILTZARRA

EH Bilduk adierazi du erabakitzeko eskubidea jaso behar duela autogobernuari buruzko adostasunak

Erabakitzeko eskubidea jasotzeaz gain, hura gauzatzeko "mekanismo demokratikoak" galdegingo ditu koalizioak, etzi, Eusko Legebiltzarrean izango den politika orokorreko eztabaidan.

Miren Larrion eta Jasone Agirre legebiltzarkideak, gaurko prentsaurrekoan. RAUL BOGAJO / ARGZKI PRESS
2017ko irailaren 19a
08:02
Entzun

EH Bilduk aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko eztabaidan jorratuko dituen ardatz nagusiak. Hiru izango dira: autogobernua, sozioekonomia, eta bakea eta bizikidetza. Miren Larrion eta Jasone Agirre legebiltzarkideek aurreratu dutenez, autogobernuak hartuko du pisu gehien koalizioaren diskurtsoan.

EH Bilduk ziurtatu du autogobernu lantaldean lortu asmo den adostasunak erabakitzeko eskubidea jaso behar duela ezinbestean, eta koalizioak bere burua aurkeztu du horretarako berme. Larrionek eta Agirrek gaineratu dute eskubidea jasotzeaz gain hura gauzatzeko "mekanismo demokratikoak" ere zehaztu behar dituela adostasunak.

Legebiltzarkideek nabarmendu dute Iñigo Urkulluren gobernuak autogobernuaren auzia "eskumenak banan-banan" negoziatzera mugatu duela, eta galdu egin duela "ikuspegi osoa". Erabaki horrek "erreminta guztiak" lortzearen aldeko jarrera ahultzen du, EH Bilduren hitzetan.

Horrez gain, EAJri ohartarazi dio "bateraezina" dela autogobernu batzordean erabakitzeko eskubidea defendatzea eta ondoren hura "jazartzen eta mahatxatzen dutenekin" akordioak egitea.

Bake eta bizikidetzaren arloan akordio esanguratsuak lortu direla adierazi dute Larrionek eta Agirrek, eta gaixotasun larriak dituzten presoen kaleratzearen aldeko adostasuna jarri dute horren adibide. Eredu bera beste esparru batzuetara zabaldu nahi du koalizioak: memoria eta elkarbizitza politiketara, eta biktima guztien aitortzara, kasurako.

Azkenik, sozioekonomiari dagokionez, gizartean areagotu diren desberdintasunak nabarmendu dituzte legebiltzarkideek. "Bi abiadurako gizartea" eragozteko neurrien beharraz ohartarazi dute, eta industria politika baten gabezia salatu. Gizarte beharrei erantzuteko, zerga sistema erreformatzea ere nahitaezkoa da, koalizioaren esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.