EH Bilduko legebiltzarkide Oskar Matutek salatu duenez, PSEk eta PPk Ahalduntze legearen tramitazioaren aurka egin izanak erakusten du "herri honek ukazioa baino ezin duela espero Estatuaren aldetik". Lege proposamenaren eztabaida bera "galarazten" saiatzea egotzi die Matutek bi alderdioi, bai eta "jarrera erabat antidemokratikoa" izatea ere. "Herritarrei beren etorkizun politiko eta soziala erabakitzeko ahalmena emango dien legearen aurka egitean, PSE eta PP herri honen eta herritarren oinarrizko eskubideen aurka jarri dira beste behin", kritikatu du. Espainiako indar politiko nagusiak Katalunian jokatzen ari diren bezala aritzea leporatu die Matutek PSE eta PPri: "Euskal Herrian ere ukazioaren eta inposizioaren eskemetan kokatzen dira".