Gaur urtebete izan zen Aieteko Konferentzia, eta EH Bilduk uste du "aro berri bati eman zion hasiera" izan zela hura. Batetik, ETAk jarduera armatua bukatu zuela jakinarazi zuelako iazko urriaren 20an eta, bestetik, "Europako azken gatazkak nazioarteko agendan lekua egin dezan" balio izan zuelako. Aieteko adierazpeneko puntu denak betetzeke daudela ohartarazi du, ordea, eta "akordio demokratikora bideratutako elkarrizketa" aldarrikatu du.
Azken hamabi hilabeteak "bakegintzan, normalizazioan, errekonziliazioan eta biktima guztien aitortzan aurrera egiteko aproposak" ziren, koalizioko kideek gaur esan dutenez, "baina Espainiako Gobernuaren jarrerak eragotzi egin du helburuak betetzea, Aieten marraztutako pausoei uko eginez".
Elkarrizketa politikoaren atalean ere aurrerapausorik ez dela egon adierazi du. Beraz, Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialei dei egin die elkarrizketari ekiteko, "lehen mailako eginbeharra delako". Hain justu, "Euskal Herriak nazio bezala bere etorkizuna erabakitzeko daukan eskubideari buruzko elkarrizketa politikoa" litzateke, EH Bilduren arabera.
ETAk eta Espainiako eta Frantziako gobernuek ere hizketan hasi beharko lukete, "gatazkaren ondorioak konponbidean jartzeko".
Azken batean, Aieteko adierazpenari heltzeko eskatu du. "Konponbiderako tresna da. Baliatu dezagun".
EH Bilduren agerraldian koalizioko lau alderdietako ordezkariak izan dira: ezker abertzaleko Maribi Ugarteburu eta Rufi Etxeberria, Aralarreko Patxi Zabaleta eta Rebeka Ubera, EAko Ikerne Badiola eta Unai Ziarreta, eta Alternatibako Amaia Agirresarobe eta beste kide bat. Donostian egin dute prentsaurrekoa.