Alfredo Remirez–sare sozialetan @erreharria erabiltze izenarekin ezaguna– urtebete espetxeratzea erabaki du asteon Espainiako Auzitegi Nazionalak, 2005ea Amurrioko jaietan (Araba) preso baten irudia erakusteagatik. Remirezen kasua adierazpen askatasunaren aurkako adibide argia dela uste du EH Bilduk, eta horregatik, amurrioarrari elkartasuna adierazteko legez besteko proposamena erroldatu du gaur bertan Julen Arzuaga legebiltzarkideak. Giza Eskubideen Batzordean eztabaidatzea eskatu du.
Proposamenean, EH Bilduk elkartasuna agertu dio Remirezi eta bere sendiari, "denboraz eta lekuz kanpo dagoen kartzelaratzeak eragingo dion sufrimenduagatik". Halaber, legebiltzarrari eskatu dio espetxeratzearen aurka ager dadila eta "kezka" azal dezala haren kontra hartutako "neurriz kanpoko" neurriengatik. Horrez gain, proposamenak dio, besteak beste, epaiketarekin "adierazpen askatasun legitimoa" zigortu nahi dela, eta eskatu du "gorespen eta apologia" delituak desagertzea Zigor Kodearen 578. artikulua ezabatuz edo aldatuz.
Giza Eskubideen Batzordeak proposamena onartuko balu, akordioa Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariari eta Auzitegi Nazionalari bidaltzea eskatu du EH Bilduk.